BIOTZ-BEGIETAN

Aurkibidea

Orixe-ren sarrera ("Biotz-Begietan" liburuari)

BIOTZ-BEGIETAN
Opari eta sarrera
Yaun errukiorra
Oia
Mendi-gaiña
Zeru-azpia
Aldakeri
Xabiertxo'ren eriotza
Neskatx urdin-yantzia
Bultzi-leiotik
Paris'ko txolarrea
Otartxo utsa
Agur!
Biotzean min dut (Illeta-eresi)
Zuaitz etzana

Urte-giroak ene begian
I Bizia lo (Otsail-erdi)

II Sagar-lore (Loreil-bete)
III Baso-itzal (Uzta-uzta)
IV Ondar gorri (Azaro-leena)

Eusko-bidaztiarena
Asaba zaarren baratza
Izotz-ondoko iguzki
Gure mintzo

___________________________________
Biotz-begietan

Orixek idatziriko sarrera

IRAKURLE:

Labur adierazi nai nizuke, liburu oni dagokionez, emengo olerki guzien iritzia. Olerkari edo diralako gizasemeetaz luze mintzatzea, olako oriek laiño legunez estaltzea, askon errez bezain neke zait neri beintzat. Erabateko gauzak ondo esatea, batez ere yakintza-arauz esatea, nornairen mende ez dago; baiña nolabaiteko gauzak izyarioka esatea, nork ez dezake?

Olerki gauz oetan, bakoizka ta zeazkiro gauzak adieraztea da bearrenik eta zailenik. Beraz, sarrera-itzok alper ez izatekotan, asi nadin olerki bakoitzaren iritzia ondozka azaltzen.

Onela diote nik olerki bakoitzari ezarri nition oarkizunak:

Yaun errukiorra - Erderatik itzulia, dio berak. Gogai ederra du erderazko amalauko onek, baiña euskal-belarriendako gogor-antxa dirudit.

Oia - Yatorra, gauzak berak dakarrena. Egi-zirrara sartzen du barnean. Ba du bautarren aurka ziri zorrotza:

Ai nolako zoroak
gauez kalerik kale
ibil oi diranak!
Arkiko aal-dituzte
asun miñez yosirik
iñoiz beren oiak!

Mendi-gaña - Aski polita. Olerkari on batek bere dunik uka ez lezaken adiñakoa; baiña liburu onek olerki aulik ba lu, nere ustez aulena.

Zeru-azpia - Zoragarria. Prantzesetik mamia dun arren, euskal-axal goxoa du.

Aldakeri - Idurimen yostanaia ta adimen zailua du egilleak. Olerki au bulkoz yoria ta gizon oartuarena da.

Xabiertxo'ren eriotza - Bikain bikaiña. Aita siñiste berodunak, semetxo yaioberria garai artan il zaiolarik, yaiotza'taldeari eratxikitzen dio:

(Ataritik) - Etxeko-andre ona
kantatzerik nai?
Belen-zaleak gera,
sari-ustez beteak
zure zai...
-Biyoaz!- Ez maitea,
begira zaien...
Gurea iñoiz, azita,
oiek bezela ibiltze'
aal uken!
(Ataritik) - Etxeko-andre ona,
abesterik nai?
Gabon-zaleak gera,
ezin-etsiz beteak
zure zai.
-Zuzen diok. Aur onak
onetsi bitza!
Sartu, mutil, ederrok,
seaska-alderaturik
yaiotza.
Sartu, ta yo beldurrik
gabe. Gaxoa
lotan dezute, bañan
otsak astindu-gaitza
du loa.
Yo, bai, gaur baita Aur ona
yaiotzekoa!
Yaiki, biotz autsia,
pozezko yaia baituk
gaurkoa.

Au idatzidigunak ba du biotzondo

Neskatx urdin-yantzia - Goxoa, errexa, ugaria, zailua, laisterra.

Bultzi-leiotik - Zirrara ematen du egiaren egiz. Gaiari dagokion bezain zailua ta laisterra da.

Paris'ko txolarrea - Oartua ta zirrarakorra ageri zaigu ontan ere. Izkuntza mendean du, euskeraz iñork ba. Ederraren susmo bizi bizia du. Zenbait lerro buruz aldatu nai ba nitu, guzia alda nezake.

Otartxo utsa - Selgas´en La cuna vacia gogora dakar idazpuru onek, baina ez oIerkiak. Meaxka da, ez ordea belaxka. Beti dugu gizaki ta beti euskotar gure Lizardi.

Agur! -Buruzkoegia dirudit. Ba ditu olako beste zenbait ere. Biotzaldiari noizpenka indarra ken lezaio

Biotzean min dun - Bere aldikoa da. Emen agertzen ditu doairik garaienak batean. Guzi guzia alda genezake, baiñan ikus lerro ok:

0i bat yaso ta ikusi
dur musu ximela:
parre-antxa, bizirik
ba lirau bezela:
(Ots,ots,
ler adi, biotz).

Ordun izar bat biztu
du nere gau beltzak,
begioi malko ixil bat
dardarka darite.
Noizbait itxaro-kabi
biur dan biotzak:
(Ots,ots,
yauzika, biotz).

Agur, oiuka dio,
gorputz ximur maite:
agur, amonatxoa.
Egun Aundirarte!

Zuaitz etzana - Bikaina, oartze aundikoa. Zugaitzaren bizitza yator yalkia dago. Au egin duna ez ote litzake antzerkigille ere? Bizitzaren eta giza-biotzaren zizkuak ezagunak edo ditu.

Urte giroak:

I -Bizia lo - Ugaria, oartzez yauntzia, berekia, egitsua. Ni bezelako baso-semeari ere ozki eragiten dio.

II - Sagar lore -Aurrekoaren kidekoa, iduripenez aberatsa.

III - Baso itzal - Lenaren antzekoa. Tolosa'ko Olerki-yaiean sariztatua. Lau urtaroeri dagozkion olerki oetan, gizon umoa ta agoxuria agertzen da Lizardi.

IV - Ondar gorri - Ausaz, oberena. Lau urtaroen zitua berekin du. Azken zatia biotz-ixuria du, sendoro ordea:

Ta zuek nora, txoriok, saldoka
zoazte, iraduz urrundu-bearka?
Adiskide Urretxindor il zaizute
ta aren ilkizunetara
-egoak ikara-
berandu-beldurrak al zaramate?

0i, zein dan ituna
beera-bear au!
Nik ez nai eguna
biurtzerik gau!

Giroen argia galtzerakoan
leen-oiartzuna dut ozen gogoan

Iru giro izanok, nik dei ta atozte,
nork zeren saria ekardazute:
batak itxaro, besteak berbizte;
irugarrenak bizitza-indar bete.
Oro bear zaituzte ene biotzak,
leen-min baidamada neurtitz zaarren otsak!

(Negu) Ikus bezat, Yauna, bein ta berriro.
otalore eziñegona...

(Udaberri) Bekusat sagasti gazte elurgiro,
udalen sort-oge dana.
Ikus bitzat arako irusta-saillak
eskuan ditutela ardo-txanbillak.
Entzun bezat iñoizko olerkaria
zalaiean baitzun lur-yauregia...

(Uda) Yainko-muño-gañetara baño leen
(ederra baita bizia!)
urrezko itsaso bebilt urduria
Itzal dudala laguntzaille lerden.

(Udazken) Ta udazken-atsarreko goiz batean
esnatu nadi Yainkozko betean!

Arrigarria da zati au. Nik ezagutzen dudan lirikurik aundienaren zatitik ederrenari batere ez dio zorrik.

Eusko-bidaztiarena - Izkuntza pinpirina, aundikitarra, zarpazu esan dioten andere aberats batek aterako luken yantziz yantzia.

Asaba zaarren baratza - Ugaari guzizkoa, besteak bezela.

Izotz ondoko Iguzki ta Gure mintzo azken-orduan egiñak ditu. Landuak noski, ez orde bear bezain legunduak. Itz berri ta aditz-yoku berri zenbaitek olerti-guriña kendu egiten diote. Egi egiz dio izkuntzari buruz:

Muinki dut estu nere eder
besoetan, ta atsa yaurtiki,
ta ura bai, egin zan aoan abesti.

Oetxek dituzu Lizardi'ren olerkieri ondozka ezarri nitien oarkizunak. Ez diet ezer kenduko, ez eratxikiko, irakurri-ala lenengo nere iritzia sendotu egiten baitute.

Erabat esateko: bulkoz, iduripenez, biotzondoz, ago-xuriz izkuntzaz, oso guzizkoa dugu Lizardi. Euskera zar ezagungabeak dun muña atereaz, lirikarako aukerakoena dala garbi adierazi digu. Ainbeste esangai, ainbeste itz doi erabiltzen ditu; kirioz ta odolez yantzia da; euskera erpineraiño landu digu. Gurean orainarte ez du izan kiderik, nekez duke garaitzailerik.

E-tzazula eriosuar irakur emengo olerkirik, ahapaldia arnas batez asi ta buka; ez ta, agziz, lerro osoka; lerro erdika, laurdenka, itz bakoizka, gauzak eska dezan araura baiño. Mandoaren ur edateari baiño oilloarenari areago zagozkio. Ederrak uki-bera ba zera, miazta ezazu astiro egilleak ain begiratuki bildu digun ezti gain gaineko au.

ORIXE

Hasiera

____________________________________
BIOTZ-BEGIETAN

Opari:
Maite: bion aur, il ta bizien, oroiz



BIOTZ-BEGIETAN zatzaidate sortu:
biotzenago batzuek; besteak
betsein-betseñotan ... Biotz-gabe ta itsu,
nork, izan ere, bil olerti-loreak? ...

Hasiera

_________________
Yaun errukiorra

Amalaukoa. Egilleak gazteleraz idatz eta gero berak euskeratua.)

"Yaun errukiorra" izenburutzat daraman hamalauko honetan, jaunaren errukia mamitzeko Lizardik urrats hauek markatzen dizkigu: Lehenik, pekatari bezala agertzen digu bere burua, "ogen egin nuan". Bigarrenez, jainkoaren zigor-beldurra du kantagai: "beldurrez ninduzun". Eta azkenik, zigorra itxaro zuenak hara non "errukizko izpia" duen jasotzen.

Poemaren jatorrizko hizkuntza erdara dugu- eta euskal textua itzulpen librea dela esan behar, jatorrizkoa kontuan hartzen badugu.

Txerrenek lardaskatuzko loidi iguingarrian
narras dut gogoa: zere iduriz sorturiko
anima garbia: zere eskuek yantziriko
soiñeko zuria... Yauna, ogen egin nuan!

5 Lor-atsekabe larriak sortu zitun nigan
ogenak; miñago baita, eztizkoa baiño.
Beldurrez ninduzun, Yauna, banekialako
tximist-ortzirien yabe zu zeundela goian.

Ta. zure zigorbidezko oiñaztarri larria
10 usterik, yo dizut begiz ortzia, izu-izuan...
Etzenidan, Yainko on orrek, eguzkia yaurti!
Etzenidan uka ere berorren argia!
Errukizko izpia zeneriodan, artean,
ezin-agortuzko Maitasun-Iturri bizi! ...

1917



1 txerrenek = deabruek, infernukoek
lardaskatuzko = nahas-mahas ibilitako
loidi = loitegi, lokatza
iguingarrian = nazkagarrian
2 narras dut gogoa = arrastaka dut ene izpiritua
4 ogen = hoben, bekatu
5 lor-atsekabe = ezbehar eta zorigaitz
6 miñago baita, eztizkoa baiño = minetik gehiago bait du
eztitik baino
8 tximist-ortzirien = tximist eta trumoien
9 zigorbidezko = bapateko zigorra dakarrena
oiñaztarri = tximista
10 usterik = etorriko zitzaidalakoan, zai
ortzia = zerua
izu-izuan = ikara bizitan, oso ikaraturik
13 izpia = errainua
zeneriodan = isurtzen zenidan

Hasiera

_________________________
Oia

Oheari eskainitako poema umoretsu honetan, eguneroko gertakaria baten muin poetiko bat ematen zaigu. Sarreran, ohearen eta berau asmatu zuenaren gorazarrea dagi Lizardik. Gero, ohean sartu aurretiko aipamen irribartsuak: tapakiak tolestea, eranztea, maindire hotzetan murgiltzea. Eta hirugarren sekuentzian, ohe barruko berriketa jostalariak: kalean dabiltzanei, haize eta txingor hotsei, urrengo egunari, irakurleari eskainiak; eta ametsak; eta ohea asmatu zuenari "aita gurea" errezatu beharrean, ez lo eta bai lo egineko gogoeta irribartsuak. Hirugarren honetan, giro saltaria eta erdi-onirikoa dagerkigu egileak.

Neke-sendalaria,
buru-argitzaillea,
lanaren saria...
Arnestegi guria,
5 naigabeen azkaia,
nagien nausia.

Bitez agur nereak,
afalonduon beintzat,
guztiak zuretzat.
10 Ta "aita-gure" bat ere
biyoa, zu asmatu
zinduanarentzat.

Baiña... Lasatu nadin
orain, "aita-gure"-ka
15 eraso baiño leen,
yaun zintzo orren baimenaz,
mordoka datozkidan
neurtitzok esaten...

***************

Afaldu det oparo.
20 Betazalok, otoika,
eskatzen zaudate.
Aurrean zu, zabalik,
elurra ainbat zuria,
begiok zakuste.

25 Sartu ditzadan leenen
estalkiok azpitik,
dagokion neurriz;
oiñik irten eztaidan
gaberdian -oi baitu!
30 lotsagabekeriz.

Apatx, orain! ... Biyoaz
oiñetakuok gora,
abea yo arte:
nere pozaren berri
35 auzo goi eta beekoak
ikasi bezate!

Txamarra kendu,
bota galtzok ere: ez atseden...
Orrenbeste neke! ...
40 Zuurragoak izanak
dituk ene guraso
Adan eta Ebe! ...

Noizbait! Gerturik nago.
"Aitaren" egin eta
45 yo dezadan murkil.
Bat, bi, iru, lau ... aguro!
negu-gauaren otzak
ez nazan bertan il.

*************

Orra barruan, yaunok,
50 maindire leun artean
bilduta, buru-oin.
Sarrerako otz-ikara,
baiñan, samurtu arte,
arren, pixkat itxoin.

55 Orainue, ba, muturra
zerbait atera daiket,
berriketa-yarrai.
Zu goratzen, maitea,
logurak autsi arte
60 ez dut ixildu nai.

Ai, nolako zoroak
gauez kalerik-kale
ibil oi-diranak!
Arkiko aal-dituzte
65 asun miñez beterik
iñoiz beren oiak! ...

Atean aize latza
dabil, aserre ... Noski!
oirik ezpaitauka...
70 Leioan txingor-otsa da,
neri loa, nonbait,
galerazi-billa.

Lan gaitza, gaitzik bada.
Ateko giro txarra
75 lotarako onena;
seaska ustu genduan
aur samur-azitxuon
llo-llo biguiñena.

Biar? ... Gogapen txarrok
80 urrun! Egun banari
gau bat darraikio
egiñaz atsartzeko,
ez eginkizunarren,
orde, kezkatzeko.

85 Ta ... irakurle maitea,
laburrerako oraintxe
berriketan nuzu...
Begiak itxi zaizkit,
burutzar au moteldu...
90 arnasa ... ba... kan... du...

... Ames dagit, basoan
il nauela, parreaz,
maitagarri batek,
ta, gozorik, illeta
95 abesten didatela
berreun milla lorek...

... Ames dagit nautela
tximirritek eortzi
abaraska baten,
100 ta illobia, lasaki
ia ixilka, ari naizela
parra-parra yaten...

... Ames ... Baiña, zer dantzut?
Irakurle guztiok
105 zurrungaka lorik?
Nere neurtzitzok orren
lo-erazle bizkorrak
uste ez nun ziranik!

Beraz, gabon, gazteok...
Baiña ... nere buru au,
yas... ! nola burutu? ...
Oi-asmatzaillearen
onez agindutako
"Aita-gurea" aaztu!

115 Gizagaxoa ..., noski,
on-utsa bide-zanez,
zeruan aal-dago!
Nere "aita-gureen"
bearrik, beraz, ez du,
120 alegia, izango.

Gauzok ala dirala,
laga dezaket "aita-
gurea" biarko ...
Atean euri-otsa ...
125 aize-zotin luzeak ...
Agur ... Da ... gi ... dan lo ... o ... o ...

1919

**************************
5 azkaia = ahazgaia
7 agur nereak = nire ohoreak
8 afalonduon = afalondo honetan
15 eraso = hasi, ekin
18 neurtitzok = bertsook, hitz neurtuok
21 eskatzen zaudate = zure eskea egiten didate
24 zakuste = ikusten zaituzte
31 apatx = eseri, onomatopeiaz
33 abea = sabaiaren zurezko eusgailua, hemen goia
45 yo dezadan murkil = murgil nadin
53 samurtu = gozatu
57 berriketa-yarrai = berriketan jarraitzeko
64 arkiko = aurkituko
65 asun miñez = erretzen duten osinez
70 txingor-otsa = kazkabar soinua
78 llo-llo seask = kantua adierazten duen onomatopeia
80 banari = bakoitzari
82 atsartzeko = atseden hartzeko
83 eginkizunarren = eginkizun dagoenagatik
98 tximirritek = tximeletek
99 abaraska = ezti-orraze
103 zer dantzut = zer entzuten dut
116 bide-zanez = izango zenez

Hasiera

_______________________
Mendi-gaiña

Mendi-gaiñaren bizikizuna gai harturik, egileak lirikotasun mehea eta subera agertzen digu. Mendiaren erakartasun idartsua: maitagarriak basotan bait lituzkeen antzera, eta arnas ezilkorra, eta zorion-lorea. Eta gero, irakurkera erlijiozkoan amesten du mendi-gaina: goiko jauregi, aingeruengandik hurbileko egonleku, jainkoaren esku eta haunditasunak bertago sentitzen diren eremu. Eta eskabide bat dagi, negar-haraneko txikikerietatik atera dezan olerkaria.

Maite ditut gaillurrak
argiak ez beste ...
Ai, egaztia banintz
gaiñik-gain nenbilke!

*********

5 Oi, udaberri-goizez
mendiaren gaillurra! ...
Oi, aren ametsezko
zorakortasuna! .
Zein ezkutuzko indarrez,
10 zein atseden-egarriz,
zein gorago-yoranez
narakark igana? ...

Egiz, maitagarriak
dituk ire basotan? ...
15 egiz duk arnaskai bat
ezilkortzen duna? ...
egiz, eguzkiaren
leendabiziko muiñaz
sortzen duk zorunaren
20 lore ezezaguna?... .

Nik amestan bezela
ote-aiz, mendi-gaiña?
Goi-yauregiko mailla?
Gotzonen urbilgo? ...
25 Egiz, Yaungoikoaren
esku ta aunditasuna
ote-dituk or goitik
sumatzen bertago?...

Ire goi urdiñaren
30 urre lanotsupean
beeko txikerkerion
azkaia balegok,
arren, adiskide urruna,
otoi, mendi maitea,

35negar-aran beltz oni
kendu nazakiok!

*********

Maite ditut gaillurrak
argiak ez beste ...
Ai, egaztia banintz
40 gaiñik-gain nenbilke!

1920

*******************
2 argiak ez beste = argiak ere ez hainbeste
4 nenbilke = ibiliko nintzateke
8 zorakortasuna = zoragarritasuna
11 gorago-yoranez = goragoko irrikaz
16 ezilkortzen duna = hilezkor biurtzen duena
18 inuiñaz = musuz
19 zorunaren = zorionaren
21 amestan = ametsetan ikusten, edo, amesten hautan
24 Gotzonen urbilgo = aingeruengandik hurbileko egoitza
31 txikerkerion = txikikerion
32 azkaia = ahazgaia

Hasiera

_________________
Zeru-azpia

Frantzeratik itzulia, mamiz.
(BESSE DE L.)

"Zeru-azpia" deitzen den poema hontan, amaren eta haurraren arteko elkarrizketa dago, zerua gai dutelarik: zeru-azpia hain ederra izanik, zeru-gaina nolakoa ote? Lehenengo zatian, egun argitan, haurra galdezka gelditzen da: "nolakoxea ote da?". Bigarrengoan, gauean, zeru-gainkia ikusteko gogo bizia azaltzen du. Eta hirugarrengoan, berriz, eguna berriro sortu zenean, haurra zeruratua zen, "zeruko/goikia ikusi bearrez"; eta ama negarrez seaskaren alboan.


I

Esan amatxo: aingerutxoak
egoa urrezko badute,
zeru urdiñean urre-dirdira
nik nola ikusten ez-ote? ...

5 Parre gozo bat amak eginda,
aurrari ala diotsa:
-Beetik dakusgun urdiña zeru-
azpia baizik ezpaita.

-Ene, ba! ... azpia -mutillak dio-
10 orren ederra dalarik,
nolakoxea ote-da, gero,
zerua goi-alderditik! ...

Il

Gautu zanean, ortzi zabala
bare-ozkarbi zegoen,
15 ta izar argien zillar-begiak
aurrari par-zegioten.

Aur-kezka oro amets eztitsu
biur oi-diran garaian,
aurrak, amaren biotz-alboan,
20 berriro onela ziotsan:

-Zerua azpitik orren ederra
dalarik, amatxo maite,
ai nere poza, zeru-gainkia
ikustera aal-baningoke! ...

III

25 Aurraren naia zeruratu zan,
(alatsu otoitz garbia),
ta aingerutxoak eska zioten
Yaunari lagun berria.

Eguzkiaren urrezko yaia
30 berriro izeki zaneko,
begia itxirik zeukan aurtxoak
zeru-azpia lkusteko.

Seaska-aldean ama gaxoak
otoi-zegian, negarrez,

35 semea igoa baitzun, zeruko
goikia ikusi-bearrez.

1925



********************
6 diotsa = esaten dio
14 bare-ozkarbi = paketsu eta izartsu
20 ziotsan = esaten zion
23 zeru-gainkia = zerua gaineko aldetik
24 aal-baningoke = igo al-banaiteke
30 izeki = biztu
34 otoi zegian = otoitz egiten zuen

Hasiera

________________
Aldakeri

Maitezko ipui minkatza

Maitezko ipuin minkatz hau kaiolako txoriaren irudipean alegorizatua dago. Aldaketaren lehen partean uda garaia da. Hasiera batean txoria kaiolan dago, eta lagunek askatasun-gogoa sorrarazi nahi diote. Alperrik, ordea. Gero, amets eder batean, zeharo aldatzen da txoria: kaiolatik kanpo, maiteminetan dabil, bete-betean, askatu duen neskatxarekin.

Bigarren partean giroa aldatzen zaio txoriari: uda joan da, eta negua du gainean. Neguak aldakuntza gogorra dakar: hoztu da kaiola, hoztu eta gogortu neskatxa. Elurretan txoria: gose-neketan, hil zorian. Eta bizi-gogoak eraginik, han doa txoria lehengo kaiolara. Eta kaiolan beste txori bat aurkitzen du, sasoikoa, gaztea, bizi-bizia. Eta leiho-harrian hilik gelditzen da historio honetako txoria. Bizitzaren aldaketek mikaztu egiten dute nonbait maitasunaren gertabide itxaropentsua.

I

Leioa. Kaiola, bertan.
Urrezko ariz lotuta, pozik, txoria:
ez margo, ez eztarria:
ederrik gaxoa nekez ezertan ...

5 Itzalgarri matsondoa.
Ikusgai, berriz, ibai, mendi, baso, zelai,
ta udaren urrea non-nai ...
Bazun zerk aska-zaletu gogoa!

Maaitiar zitun txolarre
10 biurriak, maiz; iñarak aiskide, berriz;
ta irraka yoan-etorriz,
illuntzeak ditun sorbeltzak ere.

Txolarreak diotsana:
"Oi, ene lagun gaxoa! Lotu-gaberik,
15 “eure mai gizen bera nik! ...
"Oi, zein maite dudan askatasuna!...”

Iñarak: "Ene laguna,
“errukarri aiz; ezpaituk iñon kabirik
te ume laztanek beterik! ...

20 “Oi, zein maite dudan askatasuna!...”
Sorbeltzak: "Ez duk biguna
“ire zoria; begitu nazak, emen-or,
“laister bai zabalak mozkor! ...
"Oi, zein maite dudan askatasuna!...”

25 Txoriak: "Ez zuen ele
“maitekorrak, ez emendiko ikuskizurtok
"iñork ez ezerk, lagunok,
“ezin naute egiñen askatu-zale".

**********

Leiora, bat-batean, nor? ...
30 Eder-ametsik eziñena, aragituta!
Neskatxak: "Ega", dio, ta
kaiola zabalduz: "maiteñoa, ator"...

Aren begikun gozoa! ...
Burni-tartetik giltzape beltzean sartzen,
35 askatasun-egunaren
urratzea ez dan bezelakoa...

Txoriaren poz-ikara!
Ur-ontzitxoan murgildu ta astinduz-gero
maitetasunarren ero,
40 badoa dei-dion ao gorrira.

"Ega adi, maiteñoa, arin,
“neri biraka; eskuaz bainegok erne
“Laisterrago! Orrelaxe! Ene!
"Ukaldia yaurti, ta atzitu ezin!"

45 "Gaiztoa! Geldirik! Ator! ...
"Nerea aiz noizbait! Laztan bat: orain bestea;
“yan nai aut, ene maitea! ...
"Orra, gaurkoz, neri berreun musu zor...

***********

Leio-gaiñeko iñarari
50 ona zein oar zioskan, ezin obeak,
txolarre lotsagabeak,
biurki eragiñik begiari:

"Ikus dun ori, laguna? ...
"Ez din, orratik, orretxek yaso makala,
55 “ederrez ain motza dala...”
(Zozoak beleari... dakiguna).


II

Uda yoan da. Marduldu zaizka mordoak
matsondoari. Beiñola
-egari mozkorra- yo du kaiola
60 gazteenik ildako ostoak.

Agur, iñarok ... Ai, zuen kabi goxoa
berriz beterik daneko! ...
Ai, zeiñen luze zuen urreneko
maitaldiaren beroa! ...

65 Egunak iges, ta goiz bat, zuriz yantzia,
dar-dar yaio zan ... Negua.
Zertan ago, gogo miñak puztua,
zer dala-ta itun, txoria? ...

Oar, baiña, non datorren ire maitea!
70 Ene! ... zerk, ordea, zimur
eragin ezpañei? ... Ene! ... nork lapur
begien irriparrea? ...

Leio-kaiolak zabaldu ditu, bat-bana
Sartu du Neguak sudur
75 ozpeldu-zorrotza. Txoria, beldur,
ega da maiteagana...

Ai, aren esku, laztankor igaz izana.
Lore-orria arantz biur! ...
Leengoa ditekek, zakarki elur-
80 pera egotzi auena?

Negargarria! Leio-ostean itzalia
bizitz-bizitza uan garra! ...
Ire eguzkiaren illunabarra!
Betiko il argi guztia! ...

85 Ega, bai, ega! Oro zegok otz, bai bakar;
oro, bai, ene!, zuria! ...
Non yana, ta aterperik non, txoria,
billa arren adarrik-adar? .

************

Gose-nekeak aldurik, elur-gaiñean
90 etzin da; ta arin, geldiak
deituta, gogapen negargarriak
egotzi zaizka taldean.

Iñoiz ikusi dezute tximirritarik
iltzeko yausitakoan,
95 xomorroek yana nola dagoen
azkenak egin eziñik?

Bero gozoa! Yantoki alez betea!
Laztan eztiak goizean!
Agur, agur! ... Oi! Eriotz-aurrean
100 etsipenaren nekea!

Iñoiz kabirik egin-gabeko gaxoa!
Elurretan, or, txoria,
epelak ogetuta, ire kabia ...
leenen bai azkenengoa! ...

105 Elur ta elur: elurra, eten-gabean:
illuntze beldurgarria!
Astindu nai ... Ega nai ... Ai, txoria!,
elurra beti soiñean!

Aleak une, diardu, nagiz, Aldiak
110 yalkitzen artaburua ...
Agurea baita, dar-dar eskua,
logura, berriz, begiak ...

**********

Il nai, ezin il ...Gauaren azkengabea!

**********

Eguna? ... Bai, nekezkoa;
115ur-esnea baiño motelagoa ...
Eguna noizbait, ordea!

Il-aurreko indar-ondarrak zuzpertu? ... Beintzat
txoria leioruntz doa,
mozkorki -alatsu udazken-ostoa-
120 egun nekez yaioaz bat.

Mokoz bai egoz otoikor astindu ditu
leiarki lausoz beteak...
Ai, beiñere ezpalu zorigabeak
begiaz laiñoa urratu!

125 Margoz, bikaiña; eztarriz, abeslaria;
bigunki, barru gozoan,
zatarretsiaren kaiolatxoan,
lo dago beste txoria ...

Errukarria! Bein eta berriz, alena!
130 Nondiko gezi zorrotza
bat-batez eldu zaik egan, biotza
yosteko guztiz zuzena? ...

**********

Leio-arrian yausi zan,- lauso begiak,
zutiturik errotxoak:
135 beatzak biurri, zabal egoak,
arroturik egakiak...

1925


4 ederrik gaxoa nekez ezertan = gaxoa nekez zen ederra ezertan
9 maaitiar = mahaikide
txolarre = ormatxori
10 iñarak = enarak
11 irraka = biraka, bueltaka
12 sorbeltzak = enararen antzeko txoriak
23 zabalak mozkor = espazioak mozkorturik
25 ele = hitz, esaldi
39 maitetasunarren ero = maitasunagatik ero
44 ukaldi = eskuz emaniko kolpea
atzitu = arrapatu
52 biurki = biurriki, maltzurki
56 zozoak beleari ... dakiguna = "zozoak beleari, ipurbeltz"
68 itun = triste, illun
88 billa arren = bilaka ibili arren
103 epelak ogetuta = epelak ohea eginik
104 leenen bai azkenengoa = bai lehenengoa, bai azkenengoa
109-110 Aleak une, diardu, nagiz, Aldiak / yalkitzen artaburua = Aleak une direlarik, Aldiak nagiz dihardu artaburua yalkitzen
122 leiarki = kristal
127 zatarretsiaren = gaitzetsiaren
130 gezi = azkona

Hasiera

_______________
Xabiertxo'ren eriotza


(Nere leenengo Xabiertxo'ren eri'otz-egunean: 1925gko. Lotazillaren 24g.)

Poema hontan, Lizardik bere semetxo baten heriotza aipatzen digu. Heriotz hori, egiz, Eguberri bezperan gertatu zenez gero, poetak historio bat asmatzen digu: jainko bera dela dio, bere inguruan aingerutxo gehiago izan nahiz, haurtxoaren billa bere aingeruak bialtzen dituena.

Haurra hilzorian dagoen unean, jaiotza daramaten mutikoak hurbiltzen dira poetaren etxera; emazteak, bihotza samiñez beterik, oihu eta kantak urrutiratu egin nahi ditu; baiña senarrak lagatzeko dio mutilttoek kanta dezaten, beren haurra ere, osasuntsu izanik, han bailegoke agian haiekin.

I

Gabon-egun-goizean
Yaun Aita pozik
yaiki, ta aingerutxoak
orra non bildu ditun,
5 esanik:

Poztu, ene txikiok,
gaur, arratsean,
aurtxorik ederrena
yaiotzekoa baita
10 lurrean.

Apaindu, ta zoazte
guztiok beera
berri ona zabalduz,
zuen Yaungoikotxoa
15 gurtzera.

Zenbat zerate, baiña?
Bat, bi, iru, amar,
ogei, eun, milla... Gutxi!
Yai ontako, geiago
20 nik bear!

Entzun: ega lurreko
seasketara,
ta aur zoragarrienak,
ene maiteok, bertan
25 aukera.

Masaillean laztan bat,
eztiz betea:
eskutik ar, ta abia ...
orrela ugalduz zuen
taldea.

Ta, lurbira guztia
egin-ondoren,
yaiez yantziz biotzok
bildu, iñularrerako,
35 Belenen.

**********

Zalaparta bizian,
txalo yo ta yo,
Yainko zaarrari oro
baranoan egatu
40 zaizkio.

Ta, aruntz lagun-eginda
puska batean,
emen datoz berriro,
ega-iraulka pozaren
45 pozean.

**********

Yaunaren baratzako
iturrietan
murgildu, ta ari dira
beren buruon eder-
50 lanetan.

Gertu-ta-gero, urrezko
txilibitoak
aoratu, ta abia
ziran, zabala arrotuz ,
55 egoak.

Non dira? ... Antxe, urdiñaren
sakonean,
ezer ez duzu ikusten
argizko auts-irakin-
60 antzean? ...

Noratsu? ... Iñon ez. Oro
leengoraturik,
begiak ez du yotzen
urdin baztergabea
65 besterik.

II

Gabon-egun-goizean,
seaskatxoan,
Xabiertxo gaxoa
gaitzak ito-zorian
70 zegoan.

-Zer duk, eguzki orrek,
gure ederrena?
Nork min egin, esaidak,
biotz biren zatirik
75 maitena? ...

Itxon! Ustez, arnasa
baretu zaio:
parre-antx gozo batek
ezpaintxoak argitu
80 dizkio...

-Iñoren itz emeak
entzuten ago,
geldi-geldirik eta
bular eztian baiño
85 pozago? ...

Ene! Beldur! Ez il, ez,
arren, txikia!
Ez yoan, gure poza,
ez, gure biziaren
90 argia!!

Ene! Gure biotzon
erdibitzea!
Nekez arteraiñoan,
itotako negarra
95 lertzea! .

Ene! Amen begien
negar-obiak
ondoa yo-eziñak
egin ote-ditu Yaun
100 aundiak? ...

Bular yoritik ez aut,
ene!, ikusiko
zalapartan edaten,
gosea aserik baituk
105 betiko! ...

Eguzkiak inguma
bezin maitea;
ala, maiteminduak,
maite-ezpaiñek ukitu
110 lorea! ...

Igan ipiñitako
amesak, baiña,
auskorrak ote-ziran,
inguma ta loreak
115 ez aiña? ...

III

-Berandu? -Bai, maitea;
illuntzea den ...
Atsekabeak ez din
astiaren neurtzea
120 yakiten.

-Ixo ... Nortzu ditezkek
atarikuok? ...
Nor zetorkek, algaraz,
miñagotzera gure
125 malkuok?

***********

(Ataritik)

Etxeko-andre ona:
kantatzerik nai?
yaiotzadunak gera,
begirunez beteak
130 zure zai .

-Nortzuk dituk? ... Esaiek
alde-egiteko!
-Gorriz argitutako
yaiotzaz, dun sorta bat
135 mutiko ...

(Ataritik)

Etxeko-andre ona:
kantatzerik nai?
Belen-zaleak gera,
sari-ustez beteak
140 zure zai ...

**********

-Biyoaz! -Ez, maitea;
begira zaien...
Gurea iñoiz, azita,
oiek bezela ibiltze
145 aal-uken!

(Ataritik)

Etxeko-andre ona:
abesterik nai?
Gabon-zaleak gera,
ezin-etsiz beteak
150 zure zai

***********

-Zuzen diok. Aur Onak
onetsi bitza!
Sartu, muttil ederrok,
seaska-alderaturik
155 yaiotza.

Sartu, ta yo, beldurrik
gabe. Gaxoa
lotan dezute, baiñan
otsak astindu-gaitza
160 du loa . ..

Yo, bai, gaur baita Aur Ona
yaiotzekoa!
Yaiki, biotz autsia,
pozezko yaia baituk
165 gaurkoa!

Yaiki, gure maiteena
Belenen baita,
ortzi izartuan zear
ego bigun arroek
170 bultzata! ...

Oska baitago, urrezko
txilibitoaz,
zeuen Gabon-abesti
berberok Belenen
175 yo ta yoaz!

Yo. bai, maiteñoaren
oroiz, muttillok.
Gurtu gatzaion Yainko
aurtxoari biziok
180 eta illok ...

Aintza goian Yaunari
askigabea;
ta, bere naia ontzat
etsitako lurtarroi ...
185 pakea!

1926


21 ega = zoazte egan
29 ugalduz = ugarituz
34 iñularrerako = illunabarrerako
38 oro = guztiok
39 baranoan = inguruan, biran
41 aruntz lagun-eginda = ibilaldian lagun eginik
51 gertu-ta-gero = prestatu ta gero, prestatu ondoren
54-55 zabala arrotuz/egoak = espazioa arrotuz egoen mugimenduarekin
59-60 argizko auts-irakin-/antzean = irakiten dagoen argizko hautsaren antzera
61-62 oro/leengoraturik guztia lehengo egoerara itzulirik
64 baztergabea = mugarik gabea
77 baretu = lasaitu
97 negar-obiak = negar zuloak, negar-zulo sakonak
98 ondoa yo-eziñak = ondorik gabeak
101 yoritik = ugaritik, ernankorretik
106 inguma = tximeleta
128 yaiotzadunak = Eguberri bezperan jaiotza daramatenak
129 begirunez = errespetuz
144-145 ibiltze / aal-uken = ibil zitekeen
154 seaska-alderaturik = seaskara inguraturik
171 oska = deika
178 gurtu = adoratu
182 askigabea = amaigabea
183-184 ontzat/etsitako = onetsitako, ontzat hartutako

Hasiera

___________________________
Neskatx urdin-yantzia



"Neskatx urdin-yantzia" poema hontan, udaberria kantatzen digu poetak, urte sasoia neskatx urdin-yantzi batez konparaturik, ikusmodu argitsu batean murgildurik.


Udaberri, uste-ezik,
arki dut basoan.
Neskatxa da, ta urdiñez
yantzita ziyoan.
5 Urdiña yazkia, ta
begia areago:
alakorik itsaso
barean ez dago.
Begi eder-goseok,
10 ase zakidate!,
iñon ezpaiditake
ederrik, au beste.
Mamia du naasian
oretua, iñolaz,
15 Loreil-laiño goiztar ta
marrubi-odolaz.
Arbazta igarrarena
bezin su zolia
Egun'ek biztu dio
20 yorik illedia.

Aren oiñek ikutzen
ote dute lurra?
Ezetz diot: ezpaita
melgutu belarra.
25 Billuzik zan basoa
negu-ondarrean,
neskatx urdin yantzia
bertara danean.
Zebillela, ats epel bat,
30 usaiez yoria,
dama; ta adar beltzetan
erne da bizia.
Orriz-orri yazten da
basoa, gozoro ...
35 Bakan-bakanka, leenen ...
Sarri-sarri, gero.
Eguzki itzulberriak
(maitari goiztarrak)
munkatu du basoa,
40 (munkatu senarrak)
Emazte ezkonberria
dala uste basoa...
Aren dardar emea
Aren par gozoa!
45 Ustez, buru gaiñean
gaua dut, argia,
amaika izar urdiñen
dirdirak yosia ...
Ustez, ur orlegiak
50 nituan oiñean,
izarrok ziralarik
islatzen urean ...
Gezur amesgarria,
lillurak sortua!
55 Goien urdiña nuan,
ostoak xeetua;
beean, berriz, urrezko
yarioz argiak
belarrean oi-ditun
60 begibil zoliak.
Marmarra dabil goien,
ezin daikezuna
ots ezti dan igerri,
ala ixiltasuna.
65 Bat-batez, eun txoriek
eztarriak eten,
ta aberaski zabala
bitxiz yantzi zuten ...

Egun-eunez yantzia
70 berrikusi-naiez,
bira ditut begiak,
bira, baiña ... iñon ez!
Non da, non da sorgiña,
basoak maitea?
75Begiaz dut, alperrik,
yo aren bidea.
Yoana zan ... Yoana,
neri, biotzean,
kezka beldur-eztia
80 yosi-ondorean ...
Maitetasun-azia:
ene udaberria:
neskatx-tankerakoa
ta urdiñez yantzia! ...

1927


1 uste-ezik = ustegabean
2 arki = aurkitu
14 iñolaz = zalantzarik gabe
15 Loreil-laiño = Maiatzeko laino
17 arbazta = adar mehea
18 zolia = bizia
20 illedia = ile mataza
24 malgutu = makurtu, okertu
26 negu-ondarrean = neguaren amaian
31 dama = ematen du, hedatzen du
39 munkatu = muinkatu, musukatu
52 islatzen = isladatzen, distiratzen
60 begibil = begi biribil; zoliak = urduriak
67 aberaski = modu aberatsean
69 Egun-eunez = Egunargiaren oihalez
75-76 Begiaz/yo = begiratu

Hasiera

____________________
Bultzi-Leiotik



Poeta trenaren barnean doa, eta bertatik paisajea ikusten da pasatzen, disdira bizkor, azkarretan. Paisaje horretan kokaturik, lurraren emaitzak; artoa batipat. Bai eta, gizon erraldoi edo gizaundi baten gisan, nekazari bat ere.
Paisajea mugikor da trenetik. Poemaren erritmoa trenarekin doa ... Poetak ezin du ikusten duen hura bereganatu, eta nahi bat sortzen zaio barruan: hantxe gelditu nahi luke beti, ikusten dituen lurralde garbi eta eder haietan... baina lan eta behar larriek hirira daramate.

Oi, lur, oi lur!
Oi, ene lur nerea!
oi, goiz eme, parre gozoz ernea! ...

5 Arto musker,
mendi, baserri zaarrak;
ale gorriz
abaildutako sagarrak:

oro laiño
10 mee batek estalia,
urrez oro
eguzkiak yantzia ...

Nekazari,
gizandi bat iduri
15 soroan zut:
beyondeizula zuri! ...

Zure bazter,
gurazko aberria,
doa zoro ta
20 (bertan ni) bultzia ...

Oi, ene lur,
baninduzu zerea,
zu landu, ta zure
sariz asea! ...

25 Baiñan ... ezin:
beeko bear goriak
narama ... Agur
soro, sagar, mendiak! ...

1929 - Dagonilla.


5 musker = berde
8 abaildutako = kargaz okertutako
14 gizandi = gizon haundi, erraldoi
18 gurazko = desirazko
20 bultzia = trena
26-27 beeko bear goriak / narama = beheko eginkizun larriak narama

Hasiera

______________
Parisko txolarrea


Parisko txolarreaz ohartu ondoren, Euskal Herrikoekin konparatzen du Lizardik, biak berdiznekotzat joz. "Nun-naitar" den txolarrea poetak gizonarekin konparatzen duenean, gizon hau "lotu eta arlotetzat" jotzen du Lizardik ironiz; txolarrea, aldiz, aske da. Horregatik, Lizardik "gizon baiño naiago nukela txolarre" esanaz amaitzen du poema.

Txalarretxo, txolarre,
Paris-erdikoa:
Bourse'ko iskanbilla
(gizon zoro batzarre)
5 ez ote naikoa
i izutzeko,
axolakabe biribilla?

Farol itzali baten
txapel-gaillurrera
etorri aiz xuxen
10 apur ostu bat yaten:
batetik bestera,
txapelaren muturrak arin dituk gaintzen.

Salto banakin, begi
ernaiak lurrera:
15 ez aiz i makala:
begiraldi luzeegi
gabe, baátor beera:
ez, alearen ordez, yasotzera azala.

Kafetxean bainago
20 astiaren yabe,
zer egin oberik,
(ezer ez gogarago)
muiñak urtu gabe,
zerbait, alarik ere, gogo-yolas baizik?

25 Leioak lauso dira,
eguraldiaren
antzo. Barrenean,
giroaren arira,
loxustak egiten
30 morroi mantal-zuriak daude bazterrean.

Begira, beetik gora,
berriz txolarrea.
Keiñuka begiak,
irentsi du, gerora
35 luzatzeka, alea.
Esku - (?) - peko guri bat boteaz... an'tziak!

Paris'ko txolarrea:
zertan aiz berezi
nere erriko batez?
40 Azalez, soin-arrea;
barrenez, biurri;
kideago zaitezten ... eztakik prantzesez!

Kanpantorre xaarrean
bata bezin lasai,
45 bestea da maiztar
Tuileri goitarrean.
Egingo nuke, bai,
angoa lotsa ezetz onuntza banekar.

Nun-naitar izan-miñez,
50 ostera, gizona
bai txori baldarra!
Alegiñak egiñez
bebil andik onaa:
etxez kanpora beti duk baserritarra.

55 Labur: nere burua
Paris'en ikusiz
ain lotu ta arlote,
otoi nizun zerua,
zeatz adiraziz

60 gizon baiño naiago nukela txolarre.

1930


3 Bourse = Parisko plaza baten izena
6 axolakabe biribilla = erabat axolagabe haizen hori
13 banakin = bakoitzean
18 ez, alearen ordez, yasotzera azala = ez, alajaina, azala jasotzera alearen ordez
20 astiaren = deribora librearen
22 gogarago = nahiago
23 muiñak artu gabe = pentsatzen asko nekatu gabe
24 alarik ere = hala ere : gogo-yolas = irudimenaren yolas
28 giroaren arira = giroaren arabera
29 loxustak = lo kuluxkak, loaldi laburrak
34-35 gerora luzatzeka = denborarik galdu gabe
36 eskupeko = propina (hemen, hala ere, zirinaren konotazioa du)
40 soin-arrea = soina lurraren koloreko
42 kideago = berdinago, antzekoago
45 maiztar = etxea errentan duena
46 Tuileriak = Parisko parke ezaguna
47 egingo nuke = apustu egingo nuke
49 Nun-naitar izan-miñez = edozein tokitako izan nahiz
53 bebil andik onaa = ibil bedi handik hona
58 otoi nizun zerua = otoiztu nuen zerua (irakurleari zuzenduriko hizketan)

Hasiera

_________________
Otartxo utsa


(Alaba bakar zuenari, aita-alargunak)

"Otartxo utsa". Poetari hil berria zaion alabaren seaska hutsik geratua da. Samin horretan murgildurik, noiz behinka poetak lore bat ikusten duela imajinatzen du seaskan. "Xabiertxo'ren eriotza" bezala, poema hau ere Lizardiren bizitzako gertakizun batetan oinarritua dago.

Zumezko otartxoa,
bazterrean utsik...
Noizdanik, gaixoa,
ez duzu lorerik?

5 Udaberriero
baizenkustan ikus
lore-ontzi naro,
zergatik gaur ain uts? ...

Mendian ari da
10 kukua kantari;
Basoa ta Itzala
elkarren maitari;

mitxeletak, ilkor-
ezik beren ustez,
15 badabiltza an ta or
lur apaindu gainez...

Zumezko otarñoa:
udaberria izan
ta, nola, gaixoa,
20 zaude baxterrean?

Yun baita, betiko
yun, aitaren poza!
Loreak biltzeko
ez izaki gauza!

25 Beso biguin aiek
gogortu baitziran,
ta itzali begiek
gau etengabean! ...

Zumezko otartxoa,
30 erraidazu, arren,
uts duzun ondoa.
Ez ote, bederen,

loreño bat aaztu
zure sabelean,
35 aita dadin poztu
bere negarrean?

Ondar ximelenik
gabe zen otarra ...
Yaso dut geldirik ...
40 Ari dut negarra ...

Geroztik, iñoizka,
urbiltzen natzaio;
begira nagoka,
begira, luzaro

45 Ta sarri (gogoan
iduritu bizi)
lore bat, ondoan,
eginik du mami.

Lore bat, gorria,
50 mardul, eze, beti;
erts-ezin zauria
odolezko iduri ...

Oroitzezko lore,
laztan biotzeko,
55 itzali den nere
izarrarentzako.

1930



6 baizenkustan ikus = ikusten bait zintudan, ikus
7 naro = aberats, bete, ugari
13-14 ilkor-ezik = ezilkor izanik
16 lur apaindu gainez = lur apainduaren gainetik
27 begiek = begiak
37 Ondar ximelenik = lore-hondar ximelenik
40 Ari dut negarra = ari dela dut negarra
43 nagoka = naduka-ren antzekoa, baina egon aditzaz
45-46 gogoan/iduritu bizi = gogoan sorturiko irudimen bizi
51 erts-ezin zauria = itxi ezin den zauria

Hasiera

__________________
Agur!


Poema hontan agertzen den "Onuzki", liburuaren bigarren zatian, "Maitearen apurñoak" deiturikoan agertuko diren "Liorko", "Onki" eta besteen kide dugu. Itxuraz, Onuzki Lizardiren adiskide bat zen, eta poetak izenorde horrekin izentatzen du hemen.
Poemak adierazten digunez, Onuzki erotu egin da; pertsona sentibera izanik, "elkar-ordaiñaren ezti berdiñaka bein ta berriz uka" egin zion nonbait maitasunak ... Onuzki erotu egin da, arrazoia galdu egin du; eta poetak digunez, adi-yauregian jabe ditu geroz gaua ta nahasia.
Adimena galdu dutenen gau-leze izugarria deskribitzen digu olerki hontan poetak. Eta azkenik, jainkoari eskatzen dio besarka ahal dezala bere adiskidea egunen batean, han, argi betezko beste mundu batetan.

Adiskide kuttun, lagun zorigabe,
azpildu-gabeko biotzaren yabe,
onerako zabal, ederrak su-bera:
atorkit, Onuzki, gaur oroimenera!

5 Elkar-ordaiñaren ezti berdiñaka
bein ta berriz uka maitasunak baitik,
t´ez eskein bizitzak beazuna baizik
(ala baita mikatz sagar bat elduka),
aldegiña aiz urrun, lagun biotz-bera,
10 adi-mugaz aruntz-erbeste itzalera.

Adiskide laztan, eun bider gaxoa:
gogapenak elkar bil-ari meeñoa
beiñola zaik eten ... Adi-yauregia!
yabe dituk, geroz, gaua ta naasia.

15 Irudimena uan giarra, yoria;
baiñan, ega-baldar baitabil txoria
lurrera-bearka zauri doanean,
orren antzo zian ark oi, maizenean.
Odol eri batek ezetua iduri,
20 beltz-ikusbera uan, izukoi, urduri...

Gaberik gabeen-gaupean bai'ago
gaztetzaro-ogitik yakide ninduken
onen onginaia ezpaituk siñisten;
ai, nik aal-banezaik, nik aal (eztiago
25 loak ar-basoan illargia baiño)
ene oiu au sar biotz illeraiño!

Ene oiu au sar ta biotza biztu,
ia itzal-yauregian giz-argia izetu!

Ezin aal-baledi, Yaun errukiorra,
30 barkatu zaiozu zizukean zorra;
ta Argi-Aberrian ikus aal-nezake
lauso-eziñezko adiaren yabe;
ta aal-bezat, Yaun, otoi, besarka negarrez,
beste iñon ez ainbat: negarra dan emez!

1930



2 azpildu-gabeko = azpildurik gabeko (malezia, maltzurkeriarik gabeko)
3 ederrak su-bera = ederrak sutzear jartzen duena
5 ezti berdiñaka = ezti berdingabea
8 elduka = heldu gabea, helgabea
10 adi-mugaz aruntz-erbeste itzalera = adimenaren mugetatik haruntz dagoen erbeste itzaltsura
12 gogapenak elkar bil-ari meeñoa = pentsamentuak elkarri lotzen dizkion ari mehea (arrazoiaren ari mehe, hausgarria)
13 Adi-yauregia = adimenaren yauregia
15 giarra = trinkoa, indartsua
20 beltz-ikusbera = gauzak beltz ikusteko joera
21 Gaberik gabeen-gaupean bai'ago = adimena galdu dutenen gaupean adimenik gabe baiago
22 yakide = jankide
25 loak ar-basoan = loak hartutako basoan
28 giz-argia = giza-argia ; izetu = piztu
32 adiaren yabe = adimenaren jabe
34 beste iñon ez ainbat negarra dan emez = beste iñun ez hainbat emea den negarrez

Hasiera

__________________
Biotzean min dut

(ILLETA - ERESI)
(Amona zanaren eortz-egunean).


"Biotzean min dut" izeneko poema luze hontan, Lizardik bere amona xaharraren illeta kontatzen eta deskribatzen digu. Gertakizunen xehetasunak esateaz batera, bere barne sentimentuak adierazten ditu.
Poema hontan agertzen da, beraz, lehenik, gero Lizardiren poesigintzan behin baino gehiagotan aterako den amona. Badirudi sentimentu xamur sakon bereziak sentitzen zituela Lizardik bere amonaz; eta, era berean, amona hori euskal arbasoekiko lotura jator zitzaiola.
Pintzelada oso fiñez marraztutako poema da hau, guztiz deskriptiboa eta hala ere guztiz barnekoia.

Biotzean min dut, min etsia,
negar ixilla darion miña.
Amonatxo bat nun: gaur, enarak
etorri-garaiez, aldegiña.

***********

5 Eguzkirik ez dute
leiotan zapiak;
aur-yolasik ez dago
gaur zure kalean.
Odeiek lits urratu;
10 itsasoak orro.
Gizadi bat geldirik;
gero, bat-batean:

Ots!
Ots,
15 bizion oiñok ...

Errezka bi gizonek
argizai oriak;
gorputza lau billobok;
atzetik andreak.

20 Ai, ene lor arin au
zein dudan larria!
Besoek ez lan arren,
biotzak nekeak ...

Ots!
25 Ots!
bizion oiñok ...

Mendea ia betea,
ta ain illaun,
gorputz xaar!
Bezak gogoa goien
30 i beziun ariña,
ta bezat-nik nerea,
dei nazatenean,
ezin-itzal-Argiruntz
egatzeko diña!

35 Ots!
Ots!
bizion oiñok ...

Orain larogei urte,
kale poz-gabeok
40 eguzkiak zitun ta,
zure aur-yolasak
alaitzen. Gaur, arriak
ere baitira itzal ...
nork lekuskez, ikusi,
45 urte urdin igesak!

Ots!
Ots!
bizion oiñok ...

Egun zaarrak yoan ta
50 berriak etorri,
gaur poz biar oiñaze,
noiz burni noiz zillar,
zenbaitek ondamendi
baituten katea

55 lore-sorta bekizu
goi-muñoak zear!

Ots!
Ots!
bizion oiñok

*******

60 Bat-batean eten da
bizion ots ori.
Gorputza laga dugu
nunbait. Al-dakit nun!
Bultza naute barrura ...
65 ñir-ñir aunitz argi ...
ordia-antzo sar nazu,
begi-lauso ta urgun.

Ots!
Ots!
70 enegan, biotz!

Amonatxo! Bakarrik
zagoku atean,
otz ta gogor, entzuten
zure azken-Meza!
75 Zerraldo-olen artetik
(negu-gaua iduri)
ez al-datortzu, uluka,
aize erruki-eza?

Ots!
80 Ots!
enegan, biotz!

Begiok ero ditut,
noranai doazkit;
dantza naasi bat dabilt
85 irudimenean.
Goruntz egik, biotza:
otoika lasa adi!
Ixilla sor badadi
ire barrenean!

90 Ots!
Ots!
enegan, biotz ...

Ordu bete luzea
Igaro zan. Noizbait,
95 berriro lor illauna
besoek ... Urrena,

muño baten gaiñean
uri ixil bat: arki .. -
Poz-oiñaze-kateak
100 emen dik etena.

Ots!
Ots!
bizion oiñok ...

***********

Ol bat yaso ta ikusi
105 dut musu ximela:
parre-antxa, bizirik
balirau bezela:

(Ots!
Ots!
110 ler adi, biotz!)

ordun, ixar bat biztu
du nere gau beltzak.
Begioi malko ixil bat
dardarka darite.
115 Noizbait itxaro-kabi
biur dan biotzak:

(Ots!
Ots !
yauzika, biotz!)

120 "Agur! (oiuka dio)
“gorputz ximur maite!
"Agur, amonatxoa!
"Egun Aundirarte! ...

************

Biotzean min dut,
min etsia,
125 zotiñik-gabeko negar-miña.
Alatsu txoriak, uda-ondoz,
negua du galazi-eziña.

1930



9 lits = oihal-ertz
11 Gizadi = giza talde
13 Ots = zerraldoaren atzetik doazenen oin-otsa
16 Errezka bi gizonek = bi lerrotan gizonek
20 lor = zama, karga
22 Besoek ez lan arren = besoek lanik egin ez arren
28 illaun = arin
29 gogoa goien = izpiritua goian
32 dei nazatenean = deitzen nautenean
33 ezin-itzal-Argiruntz = itzali ezin den Argiruntz
39-40-41-42 kale poz-gabeok / eguzkiak zitun ta / zure aur-yolasak / alaitzen = kale poz gabeok eguzkiak alaitzen zituen,eta zure haur-jolasak
43 itzal = illun, triste
44 lekuskez = ikus lezazke
56 goi-muñoak = muño edo mendiska goltar, zerutiarrak
65 ñir-ñir = argien dizdira adierazteko onomatopeia
66 ordia-antzo = mozkor tankeran ; sar nazu = sartu nauzu
67 urgun = erren
72 zagoku = zauzkagu (baina "egon" aditzarekin)
75 Zerraldo = hil kutxa
77 uluka = oihuka, xixtuka
99-100 Poz-oiñaze-kateak/emendiketena=bizitza den pozeta oinazezko kateak hemen dik etena, amaia
105 musu = aurpegi
107 balirau = iraungo balu
114 darite = isurtzen zaie
126 uda-ondoz = udaren ondoren
127 galazi-eziña = galerazi ezina, ezinbestezkoa


Hasiera

_______________________
Zuaitz etzana


"Zuaitz etzana". Aizkolari ankerrak zuhaitz urtetsua ondotik bota duenean txundituta utzi du basoa. Eta horrelako gogoetak egiten ditu olerkariak: zer izan den zuhaitza, zer eskatu duen eta zer eman duen, eta batez ere zer egin dion gizonari, zenbat on, inoiz ezer honi eskatu gabe. Baina gizonak oro du ehiza: haundikeriaz eta zitalkeriaz dihardu, zuhaitzak bere burua gerizatzerik ere ez daukan artean. Eta azkenik, zuhaitza daramatenean, poetak bere barne sentierak agertzen dizkigu.

Zuaitz bat, urtezua, lurrera botea ...
Zaarra izanagatik bazun ark osasun betea!
Ondoan orra agiri, zomak ezotua,
aizkora ankerraren ebaki sarri-berritua.

5 Erorkoa bigundu-bearrez autsiak,
adarretarik zenbait lur urratuan yosiak.
Goruntz, luze-luzerik, gaiñerontzekoak,
otoi erruki bekiela zeruko Yainkoak.

Zuaitz lagunak begira agozkik ixilik,
10 erroak dardarati, adaburua geldirik.
Lurra naigabez zegok, aizea zinkuruz;
txoriak urrun aldegiñik, izuaren izuz.

*************

Arbaso pakezale agurgarri orrek
iñorentzat onginaia besterik izan ez dek.
15 Betidanik, eskale labur, emale eder:
ire bizi guztian, txarkeri bat al-duk ager?

Eskatu? ... Aizeari, laztan bat oxkiro.
Txoriari, kanta zezala goizetan eztiro.
Andre lurrari, zertxo? Ezegai-ttanto bat.
20 Zer-eskaturik ez uan, soilki ... gizonarentzat.

Eman, ordea? ... Txoriari, abaroa;
aize adiskideari, ots eztirik nun-yoa;
lurrari, bustibide ta zimaurkigaia;
ar berberak arki ditek igan babes alaia.

25 Ta gizonari? ... Geien orretxek iri zor:
ari ainbat ik emanik etzegok iñun iñor.
Ire itzala, ire egurra, ire edergarria,
ta arnaririk artu-ala, gizonaren zatia.

Azpian duk ikusi aren gorabera:
30 aurtzaroan yolasti, mutilletan amets-bera;
lan-izerdiak eta ondo-atsedena;
ille-urdinue ta aguretzea; ta azkenik ... azkena.

Bitartean, zuraren biribilkietan,
ainbat mende esku sendoaz idazten iardukan.
35 Amaika aldiz lurpera gizonek gizonak ...
Zuaitza bizkor beti ere zedukan Yaun onak.

*************

Izadiari zizkiok kendu-alak ken ...
Aren irentsi-bearra ez dik ezerk asetzen.
Larreko zezena, oianeko basauntza,
40 odeietako txoriak ... Oro gizonak eiza ...
Azkenik, beartu duk zuaitz zaarraz ere,
yauregi bat eraikitzeko zutikako ta abe ...
Belarpeko txuloa kilkerrak bai eder,
baiña gizontxoa -alegia!- ez izaki kilker.

45 Ta an datorkik beiñola, eskuan aizkorez:
zitalak nai au eratxi, burruka koIdar-bidez!
Ark yo ta ik eán baituk burua geriza,
amildu aiz goitik, atereaz lertu-ots gaitza.

************

Idiak or. Kate bat lotu dik itzaiak.
50 Zerrak, ozen, urrundik, irrika dizkik erraiak...

Lurra ta biok elkarri munka zaudate:
ain adiskide zaarrek azken-agurra bai neke!

************

Ba'aramakete, eraman!, zuaitz eroria ...
Errukia garaituz, betor nerekoikeria.
55 Ba'aramakete, eraman!, bestela, mendia
ezpainikek geiago begiaren pozgarria.

1930



1 urtezua = urtetsua
3 zomak ezotua = zuhaitzaren izerdiak ezetua
4 ankerra = krudela; sarri-berritua = behin eta berriz egina
5 erorkoa = erortea
10 adaburua arbola-kaskoa
11 zinkuruz negar zotinaz
17 oxkiro = fresko antzera
21 abaroa = itzalpeko atsedena
24 ar berberak = harrek berek
28arnaririk = fruiturik ; artu-ala = har zezakeen guztia
33 zuraren biribilkietan = gerria ebakitakoan ageri diren zirkuloetan
46 nai au eratxi = hi makurrerazi nahi hau ; burruka koldar-bidez = borroka koIdarraren bidez
47 geriza = babestu
50 ozen = zaratatsu ; erraiak = sabelak, barneguneak
53 Ba'aramakete = eraman hatzakete

Hasiera

____________________
Urte-giroak ene begian

I - BIZIA LO
Otsail-erdi



"Urte-giroak ene begian". Poema luze hau lau zatitan banatua dago. Urte-aroak eta bizi-aroak nahasten dira poema hontan, Lizardiren baitan bezala. Naturaren aldaketak urtean zehar gertatzen diren era berean, pertsonaren bizitzan aldaketa berak gertatzen dira. Urte-aroak, beraz, metafora bat lirateke; naiz eta, bestetik, poetak aro hoiei bere sentsibilitate osoz arreta guztia jarri.
Otsaila, bizia lo. Lehenengo zatia. Goiak egur ezearen kolorea duela dio poetak. Izadia lo bezala dago. Neguak dena estaltzen du, eta bizia gelditua dela dirudi. Zuhaitzek argiruntz luzatzen dituzte beren adar-besoak.

Egur ezearen kea
goiak du kolore:
egunaren atariruntz
zauri bat, gordiña,
5 odol-bearrean urre.
Sakoneko laiñoz gora
tontorrak elurrez:
itsasoa iduri,
ametsezko ontziez.

10 Bide-ertzean, ez marrubi
ez belar gizenik.
Otalorea, bakanka,
goiztxo karraxika,
Udaberriari deika.
15 Or pago bat, lerden-aski
igazko apaingarriak
(gaur orbel gorriak)
oso yaregin nai-ezik,
nola baituten oi
20 neskazar ezin-etsiak.
Ostobakandu-sasian
kabi bat, uts, urratua ...
Arru-beetik errekak ots,
euriteak bulartua ...

25 Basora naiz. An-or,
goldiozko ogean,
yoan-elurte gaitzaren
ondarrak nabari;
kabidun usoak, ala
30 emazte zuurraren
zapiak iduri.
Aritzak, eundaka,
aier zazkio goiari,
argi-leenenkia
35 egarri baitute,
arako urrezko zauria
izanik iturri.
Orregatik daude
luze-luze egiñik,
40 artean oiñak illunik,
azken-arbazta-begiez
udaberrirako
ornitzen biziez.

O, zein aizen eder loa:
45 eriotzaren anaitzakoa:
bizitzazko urloa!

1930



18 yaregin = erantzi
21 Ostobakandu-sasian = ostoak bakandu zaizkion sasian
23 Arru-beetik = haitzarte sakonetik
24 euriteak bulartua = euri jasek loditua
26 goldiozko ogean = goroldiozko ohean
27 gaitzaren = haundiaren
29 ala = edo
33 aier zazkio goiari = goi-irrikaz daude
41 azken-arbazta-begiez = adar muturretako begiez
45 anaitzakoa = anaiatzat hartzen dena
46 urloa = ur geldia


Hasiera

_________________________________

II - SAGAR-LORE
Loreil-bete



Sagar-lore. Loreil bete. Negu luzearen ondoren, horra azkenik udaberria bere apaingarri ederrez. Lehenik, zeruan urdiña, eta eguzkiaren keinu argitsua hodei artetik. Poeta mendiruntz doa, udaberriaren zantzuez erne ohartuz; bizi berri baten siñuak han eta hemen nabari ditu. Baina, halako batean, sagasti loretu baten aurrean aurkitzen da; zalantza du hasieran zuritasun hura zer izaki; elurra ez ote den ere galdetzen dio bere buruari; baina ez, sagasti loratuaren zuria da, dena edertasun. Poetak ez du gehiago behar udaberria hor dela ziur jakiteko; hala ere, udaberriaren zantzu bitxiak deskribitzen jarraitzen du.

Anitz egunez, ez gera alaitu
lurtarrok. Goien sar egin baitu
Euri'k Eguzki giltzapean;
yaun orail eder, legorteen aita,
5 katez loturik egona baita
odei bustien sabelean.

Gaur, orra agiri, tarteka, urdiña ...
Sor zait barruan larrera-miña;
ta, aspaldi ez-ta, mendi-aldi.
10 Bete ditzadan argiz begiok;
eten zain-giar lotuegiok;
bularra asetuz noan geldi.

Badut zalantza zein giro izaki;
otzaren aala danentz ebaki;
15 ikus ezpaitut Udaberri ...
Baiña, bat-batez, gain-beera, maldan,
moltso zuri bat ... Elur ez al-dan,
loreak ote ... aal igerri!

Ari beltz oker naasi sareak
20 eundaka atzitu ditu ... loreak?
elur-malutak?, mitxeletak? ...
ltxon: txori bat, zear, egaka
dabil, kabigai-lorrez, esaka:
-Gaur dira gure maite-bestak!

25 Sagasti berri, sagasti zuri,
inguma-atsegintokia iduri,
elurte arian geldia!
Ezin urtuzko txingor ugari,
azpi gizenean duk nabari
30 zelai-bitxizko loredia ...

Zertan udalen dan igertzeko
begi bear diot bide-ertzeko
pago pertxenta gazteari,
ta ikus orbelez dan erantzia
35 ta apaingarri berriez yantzia,
baso zabalen aitzindari?

Zertan bear dut yakin Itzala,
pagadiaren ume yaukala,
neska-kozkortzen ari al-dan?...
40 Kilker olerkari arloteak
neurtitz ozenak ditun boteak
lurrezko yauregi-atean? ...

Bego tximirriten egaketa;
beude marrubi-loreak, eta
45 irusta-sailla ere bego:
dantzari-talde, Baco'tiarrak,
naaspil zoroan zuti-baldarrak,
esku goituan ontzia ardo .

Ene begiok, ez so besteri:
50 bide-ertz onetan nadin eseri,
iri begira, sagastia ...
Sagasti gazte, sagasti zuri,
inguma-atsegintokia iduri,
elurte arian geldia!

55 Txuriaz naasi, pipil gurien,
ler-gabe-lore zabal-zorien
gorrixka, nabari duk sarri,
odol-tantoak antzo ... Begira:
erditze baten aztarnak dira:
60 Bizi-erditze zoragarri!

Ibil, txoriok, ta kanta alaiki.
Negu agurea illa da, baiki,
lurra soil baitago elurrez:
oro dezaken esku naroak
65 erein baititu zuaitz-soroak
ogi berriaren apurrez

Bekik iretzat oiu alai au,
sagasti, iretzat; bereizki bai´au
yaiez yantzi zorna berriak!
70 Bizitza duk agiri garretan ...
Bizitza, ler-berri, adarretan ...
Igan dik sort-ogea Udaberriak!

1930


2 sar egin baitu = sartuta eduki bait du
4 orail = ile oridun
14 otzaren aala danentz ebaki = hotzaren agintea den ala ez bukatu
17 moltso = multzo, pillo
19 ari beltz oker naasi sareak = ari beltz oker nahasiz eginiko sareak
20 atzitu = harrapatu
23 kabigai-lorrez = kabia egiteko gaien garraio
28 txingor kazkabar
31 udalen udaberri
32 begi bear = begiratu behar
38 yaukala = bikaina
43tximirriten = tximeleten
45 irusta-sailla = pagotxa saila
46-47-48 dantzari-talde, Baco'tiarrak,/naaspil zoroan zuti-baldarrak,/esku goituan oritzia ardo = (esaldi guzti hori, irusta-sailekin erlazionaturik dago; irustaren lorea gorria izaten bait da, ardoaren gisakoa; horregatik aipatzen dira Baco eta zuti-baldarka, balantzaka, dabiltzan daritzariak... irusta-loreak haizetan balantzatzen diren gisa berean, alegia)
49 so = begiratu
55-56-57 Txuriaz naasi, pipil gurien, ler-gabe-lore zabal-zorien / gorrixka, nabari duk sarri = Txuriaz nahasirik, pipil gurien gorrixka, zabaldu zorian dauden lehertu gabeko loreen gorrixka, nabari duk sarri
55 pipil = lore-begi
62 baiki = baietz
63 soil = gabe, huts
69 zorna = zuhaitz eta landareen izerdia, ezegaia



Hasiera

_____________________________________________

III - BASO ITZAL
Uzta-uzta


Uzta. Basoa itzaletan dago orain. Eguzkiak bere gezi beroa zuzen eta indartsu botatzen du. Izadi guzia beropean dago. Poetari orain ibiltzea nekagarriago egiten zaio; horregatik, itzal fresko eta goxoaren babesa bilatzen du. Uda, bizitza bete.

Urrun duk, sagasti berri, lorea.
Arizti, urrunago elurtea.

Gaillurrera igoa dugu Iguzkia,
nondik yaurtiko zutago gezia.
5 Begi-ogeak nork sakon-askiak
gaiñez ez dakien aren argiak?

Uda! Mendiak i au eguerdi,
ta urrezko opor-aro, ta abaro-aldi ...

***********

Gurdibide bakan-ibil ertzetan
10 masusta-sasia dago loretan.
Ango kixkalbearra! Ango marmarra!
Ego-begi izaki ta, aizeak garra:
irakin diraki, beroz ezezik
erleen egoek yo ta naasirik ...

***********

15 Arru-beetik ez dator gaur ur-otsik ...

Txoriak abaroetan ixilik,
goiz-yardun bakarrez etsi baitute.

Egonean daude zuaitzak ere ...
Sagarrak eskuan ditu igaliak
20 Eguzki erregeri eskeiñiak:
geldiak gizendu, egonak goza,
nagiak noizpait yalkiaraz bitza ...

*************

Beroak zapalduta datza oro:
bizidun, landare, aitz eta soro.
25 Muskerra ta artoa dagotzu soilki
eguzki gorritan ezin izerdi.

Neguz untzi lirain, laiño-gaiñean,
Txindoki, orain agokit aurrean,
goriak astundu-tantai arrizko,
30 beeari iñoiz baiño errotuago.

Beste erpin musker bat or baita agiri,
maldan-gora zaizka zuaitzak geldi:
oker, ats-estuka, lurrari itsatsi-
mendizale makal unatu iduri.

*************

35 Zigor ontaz, Uda, ba'al-duk aterpe?
Ara zuzen nazak, luzatu gabe!

*************

Leioak itxitako yauregia
basoak iduri. Lo nagusia.
Baiña, badu norbait -zoragarria-
40 bidazti-zai eder: bai, alegia!
Begira non dedan, aterpean zai,
gorputza sotilla, betartea arrai.

Itzal!, Baso'ren ume yaukal,
xaloagorik ezin aal:
45 beltxeran, begi bai azal:

Itzal! ...
Itzal! ...

Sar naun geldixe, taupaka biotza.
Ar maitez, otoi, lerregin-arrotza ...
50 Oial illaun batez legortu didan
bekokia. Gero, aldamenean
atzaidan eseri, andereño otxan,
ta, ai, zein gozo gauden, aopekotan! ...

Atsedenaren eliz, zutoiz bete,
55 osto-pillo ta izar izunak abe:
ta i bertan oianeko yaupaleme ...

Gure inguru lurra lurrun-yario,
urre urtuzko yasak baitaragio.
Euri gori ortaz basoa aterri.
60 Gauden, bada, maite, basoan geldi.

Zuaitz-tartetandiko urre nabarra
bezagun udaren bitxi bakarra.
Begoz emendik ate ire ederkiak;
ar bitzate besteek laztan goriak.
65 Nik ireak naiago, oianeko Itzal,
ezpaitiñe egiten odola kixkal ...

*********

Uda! Gar zoragarri, suzko itsaso:
untzi geriza untan nai aut igaro ...

1930


(Bigarren Euskel-Olerti-yaiean, Tolosa'n, zillarrezko aritz-abarrez sariztatua).


4 nondik yaurtiko zutago gezia = nondik botako zuzenago gezia ;
5 Begi-ogeak = begi zuloak ;
6 gaiñez ez dakien = gainezka ez ditzan ;
9 bakan-ibil = ibiltari gutxidun
12 Ego-begi = eguteran
13-14 irakin diraki, beroz ezezik/erleen egoek yo ta naasirik = irakiten bezala dagoela masustaren sasia, beroaren eragin soilez ezezik erleen hegoek jo eta nahasiz
17 goiz-yardun bakarrez etsi baitute = goizeko jardunarekin nahikotzat bait dute
19 igaliak = fruituak
29 goriak astundu-tantai arrizko = bero goriak astunduriko harrizko tantai
31 erpin = gailur zorrotz
33 ats-estuka = arnas hestuka
34 unatu = nekatu, akitu
35 Zigor ontaz = zigor honentzat
40 bidazti-zai = bidaiariaren zai legokeena
42 betartea arrai = begitartea harreratsu
43 yaukal = bikain
44 xaloagorik = maitagarriagorik
49 lerregin-arrotza = leher eginik datorren arrotza
50 illaun = arin
53 aopekotan = ahopeko solasean
54 zutoiz = zutabez
55 izunak = gezurrezkoak
56 yaupaleme = yaupal eta eme hitzekin osatua ... "yaupal" apaiz litzateke
58 yasak baitaragio = jasak, erasoak eragiten bait dio
63 emendik ate = hemendik kanpora
68 untzi geriza untan = gerizatutako untzi hontan


Hasiera

IV - ONDAR GORRI

Azaro-leena

"Ondar gorri"; azaro lehena, udazkenean. Izadiak bere uda igaro du, eta orain udazkena datorkio, azkenaren aurreko aroa.
Gizonari ere, izadiari bezalaxe, gain-beheratzea gertatzen zaio. Olerkaria berriro bere mendiruntz doa; azken aldiz ikusi nahi lituzkeela dirudi bere lurralde-ingurune maitatuak. Baina oinak astun sentitzen ditu; atsa, larri. Gogoeta sakonetan murgildurik doa; iragan aroak datozkio gogora; bizitzaz oroitzen da. Azkenerako prestatu nahi luke izpiritua. Heriotzaren halabeaharra onartzen du, baina bizia ederra dela dio ... eta oihu haundi bat irtetzen da bere barnetik: "nik ez nai eguna biurtzerik gau". Baina fededunaren azken onarpenez, hauxe ere badio: "ta udazken-atsarreko goiz batean esnatu nadi Yainkozko Betean".

Uda -suzko itsaso- baitut ibilli
gerizpe atsegin bat nuela untzi,
ondoaz legorra yo dit emeki:
ondarreta bat du, soil eta gorri.

5 (Itsasoak bai baitu, urrun-ertzean,
urre gorizko bide-goenean,
legor bat -odol-uts iñularrean-
Eguzki nondik sar atsedenean ... )

Aingura bota dut Arratsaldean:
10 oiña dut ezarri Udazkenean ...

**********

Berriro igo nauzu ene mendira,
oroigarri zaarrei maitez begira ...
Andre Lurrak yaulki ditu igaliak;
zurbil dauka arpegia, itzal begiak.

15 Gurdibide bakan-ibil ertzetan
untza dago oraindik, nagi, loretan.
Or-emenka, lore zimel gaiñetan,
ingumak ari, gozo-miazketan ...
Mitxeleta gorri, zarpil egoak:
20 maitatzeka atsotu diranetakoak.

Kemenak uts-eta nekez bainoa,
zalantza eiut zaartu naizelakoa ...
Udazkenak aulagotzen dit atsa,
orbelak ozenagotzen oin-otsa,
25 aldapak larriagotzen biotza ...
Leenetan ez bezin autsia natza.

***********

Arru-beera itzuli nago. Ixurkia
basoz ta garoz yantzia:
noizbait orlegi, gaur nabar basoa;
30 tarteka gorri garoa.
Beste gain erpin bat bazan agiri
leen eze: gaur burni-meatz iduri.
Lurraren azala erdoitua da,
ala dut odola begietara ... ?

35 Aizea dabil, busti setatia:
lurrari daragio ots negartia.
Larreko xornorro ozenen zantzurik
ez da iñon. Aspaldidanik
ixil zen olerkari yaun Kilkerra:
40 aixtian, alper eder den Txitxarra.

Ta zuek, nora, txoriok, saldoka
zoazte, iraduz urrundu-bearka?
Adiskide Urretxindor il zaizute,
ta aren ilkizunetara
45 -egoak ikara-
berandu-beldurrak al-zaramate?

***********

Oi, zein dan ituna
beera-bear au!
Nik ez nai eguna
50 biurtzerik gau!

Giroen argia galtzerakoan
leen-oiartzuna dut ozen gogoan.
Iru giro izanok, nik dei ta atozte:
nork-zeren saria ekardazute:
55 batak itxaro, besteak berbizte;
irugarrenak bizitza-indar bete.
Oro bear zaitute ene biotzak,
Leen-min baidamada neurtitz zaarren otsak!

(Negu)
60 lkus bezat, Yauna, bein ta berriro,
otalore eziñegona .

(Udaberri)
Bekusat sagasti gazte elurgiro,
udalen-sortoge dana.
65 lkus bitzat arako irusta-saillak
eskuan ditutela ardo-txanbillak.
Entzun bezat iñoizko olerkaria,
zelaiean baitzun lur-yauregia...

(Uda)

70 Yainko-muño-gaiñetara baiño leen,
(ederra baita bizia!)
urrezko itsaso bebilt urduria,
Itzal dudala laguntzaille lerden.

******

(Udazken)

75 Ta udazken-atsarreko goiz batean
esnatu nadi Yainkozko Betean!

1930


3 ondoaz legorra yo dit emeki = nere untzi-azpiak legorra jo du emeki
5 urrun-ertzean = urrutieneko zeru-ertzean
6 urre gorizko bide-goenean = urre gorizko bidea bukatzen den hartan
13 igaliak = fruituak
15 bakan-ibil ertzetan = gutxi ibilitakoen bazterretan
27 ixurkia = ixur malda
40 aixtian = arestian
41 saldoka = sailka, multzoka
42 iraduz = presaka, lasterka
58 Leen-min = iraganaren min
64 udalen-sortoge = udaberriaren sort-ohe
66 ardo-txanbillak = ardo ontziak, anforak
72 bebilt = ibil bekidala
75 udazken-atsarreko = udazken hasierako

Hasiera

____________________
Eusko-bidaztiarena



Unamunori ironiaz eskainitako poema honetan, Lizardik, bidaiarako dei egin ondoren, larrekotzat jotzen duen hizkuntza "noranaikoa" nahi luke, "yakintza-egoek igoa". Amets-bideetan barna pasartean, gure hizkuntza euskara baserriz landa atera eta beldurrik gabe inunduan zehar ager dadila eskatuko du.

Unamuno'tar Mikel, yaun argiari, gure ausardi gorriaz yabetu dedin.

Heuskara, ialgiadi kanpora!
Heuskara, habil mundu guzira!
(Etxepare'k, orain lareuntsu urte).


BIDAZTIAR-DEI

Aberriaren abots eztia,
gogamenaren ezkon xuria:
ekatzan esku guria,
5 atorkit geldi-geldia,
uztagun, aldikoz, Euskalerria.

LARRE-LORE

Eder aunagu, mintzo yoria,
eder, benetan, garoz yantzia:
10 larre-loretik eztia,
basotik euskal-mamia,
laister sortzen aal-duk, Olerkaria!

Ta, ala Yaunaren gogo baledi
nik gogo dudan bezin gartsuki,
15 euskotar azal ta mami,
gure erriaren olerki
garaia, norbaitek lenbait-leen begi!

ORO-MINTZO

Baiña nik, izkuntza larrekoa,
20 nai aunat ere noranaikoa:
yakite-egoek igoa;
soiña zaar, berri gogoa;
azal orizta, muin betirakoa.

AMETS-BIDEETAN BARNA

25 Ez adi beldur, nere Maiteder:
baserriz landa nai aunat ager-
arazi, bazterrik-bazter,
arroki; ezpaitun ezer
lurbiran ederrik i bezain eder!

30 Gogamenaren ezkon ez-antzu,
eztei-ondoko bide diñagu.
Otoi, Yauna, ibilgo-buru,
maitasun-edermin-zitu,
aur begi-argirik anitz bekargu.

**************

35 ltxaso bare, zelai urdiña,
muga-biribil, belar-berdiña:
goizaldea duk sorgiña!
Dirdaiez ikus egiña
mende-neurle dugun kurpil ariña

***********

Iguzkipean ugartedia ...
40 Ur zabalean oial zuria ...
Zuaitz arrotzen azpia,
eun oztiñek itzalia!
Or bide-zetzan Gerbault bakartia ...

***********

45 Lekaro zabal lurraren gerri,
ondardi kixkal eriogarri:
bidazti-begiek sarri
aidean baso ta iturri:
bertaraiñokoan ondarra gorri!

***********

50 Dagigun arraun Izotz-errira)
zaarren aztarrik danentz begira:
amaika yoan ta bira
egiñik igaz baitira,
eskuan arpoia, soiñean zira!

55 Legorra zuri, beltz itsasoa:
izotz bat untzi gure ibilgoa ...
Bakarte yaungoikozkoa!
Xoil, egazti bat diyoa
odeien senide, zabal egoa ...

60 Kanta ditzagun ango gau luze,
ango illun-nabar su gorriz bete;
gizonek elurra aterpe;
lurralde gizenik gabe;
gure Euskalerriaz ain guziz beste!

*************

65 Iri nagusi, giza-erlauntza:
zorapenezko aruntz-onuntza,
sumabearra, yakintza,
sal-eros ekurugaitza,
gure elkar-indarrak itzuli bitzal

70 Ortzi oro ta egute oro
yaso, ikus-ala, ta abes gozoro ...
Apaindu zernaitarako:
agi gai adierazteko
gizaki guzien alderdi ta asmo.

75 GURENTZA

Ta, beeko gaiok agor-ezkeroz,
Iguzki'k ezin urtuzko egoz
(Ikar'ek ez bezelakoz)
goazeman zerura igoz,
80 izar urdiñetaraiñoko asmoz!

1931


1 Bidaztiar-dei = bidaiarako dei
3 gogamenaren ezkon xuria = adimenaren ezkontide xuria
17 begi = egin beza
18 Oro-mintzo = orotarako mintzo
19 izkuntza larrekoa = hizkuntza menditarra
20 noranaikoa = edozertarako gai dena
26 landa = kanpo
30 ezkon ez-antzu = antzu ez den ezkontidea
31 bide = bidai
32-33-34 Otoi, Yauna, ibilgo-buru,/maitasun-edermin-zitu,/aur begi-argirik anitz bekargu = Otoi, jauna, ekar eiguzu bidaiaren azkenean maitasun eta edermenaren fruitu izango den haur begi-argi ugari
38 Dirdaiez ikus egiña = ikus dizdiraz egina
39 mende-neurle = bizitzaren denbora neurtzen duena
40 ugartedia = ugarte multzoa
43 eun oztiñek = oihal urdinek
44 Or bide-zetzan = Hor etzaten zen nonbait
45 Lekaro = basamortu
47-48-49 bidazti-begiek sarri/ aidean baso ta iturri: / bertaraiñokoan ondarra gorri = bidaztiaren begiek sarritan (ikusten zituzten) aidean baso ta iturri: bertaraino iristean, ordea, ondarra gorri... (Pasarte guzti hau espejismoaren adierazpide dugu)
49 gorri = huts, bakarrik
50 Dagigun-arraun = egin dezagun arraun
51aztarrik = aztarrenik
53 igaz = aintzinako denboretan
56 izotz bat untzi gure ibilgoa = izotz bat dugularik untzi egiten dugu gure ibilgoa
58 xoil = bakar-bakarrik
63 lurralde gizenik gabe = lurralde emankorrik gabe
64 gure Euskalerriaz ain guziz beste = gure Euskalerriaz hain guztiz desberdin
65 Iri nagusi = hiriburu ; giza-erlauntza = giza-erlatoki
67 sumabearra = asmatu beharra, sortu beharra
68 ekurugaitza = urduria
70 egute = giro
71 abes gozoro = abestu gozoki
73 agi gai = gai egin hadi
75 Gurentza = sublimazio
78 lkar = Ikaro

Hasiera

____________________
Asaba zaarren baratza


Lehena eta oraina, amona eta biloban sinbolizaturik, euskaraz mintzatzen dira asaba zaharren, tradizioaren baratzan. Mintzaldi horri esker, "eguzkiz yantzi zan", etorkizunerako itxaropenez jantzi zen baratza.
Beraz, eta amona agertuko den gainerako guztietan bezala, bi zentzutan ulertu behar da poema hau; edo, hobeki esan, bi irakur zentzu ditu. Lehenengoa, fisikoa eta deskriptiboa. Bigarrena, sinbolikoa.


Barrena'tar Polikarpa, adiskide min ta abertzale yatorrari, biotzez.

I - Atarian

Asaba zaarren baratza,
untzadun ormek esia,
eguzkiak leen maitea ...
Otzaldi zoro baten itzuli,
5 yoka nagokik atea.

Yoka nagokik atea,
ate gorri zurezkoa,
euri zaarrek usteldua;
marraskilloek bide biurri
10 dirdaitsuez apaindua

Bai-bainun amona xaar bat
zazpi begiko baratzai;
deadarkari yaioa
marrubi-lapur nenkusanetan ...
15 Bizi ote-dut gaxoa?

II - Sarrera

Sar eta ... zuaitz yantziak.
Urrats bat egin, ta ... adar uts.
Oroipen-txoriez zeuden
beterik: ni ikus ta, bat-batean,
20 egoei eragin ziten,

Nigana datoz, naasian ...
Adiskide min-maiteak!
Barru-muiñeko gauean,
su itzalitzako zaarra gar gorri
25 dabil da biur-naiean.

Belar gaiztoak yan ditu
nire bidexka izkutuak ...
Ale bakanak dakartzi
bide gaifleko maastiak, eta

30 ortziak peitu du iguzki.
Urte yoanen zitala!
Zuek zarpildu-itzalia
leenera nork lekardake?
Zabal-naroa nuen baratza,
35 gaur ain estu, gaur ain gabe!

III - Leena

Baratz-erdian dut arki
amona: alderoka dator,
begi galduak nora-nai ...
Eriotzak dakar besalagun,
40 bere buruz ezpaita gai.

Amona, zatozkit, otoi:
billoba laztan ezazu,
esan zadazu "billoba!”
Itz ori, soilki, zaarrak dit ondu,
45 ardoa oi-dun bezela.


Biraka asi zan, dei ta dei:
aita dei, ta ama; aurtzaroko
lurrak irentsi-lagunak ...
Zaarrez birrumetu danez-gero,
50 menbeko darabil leenak.

Errukarri! Lausorik du
gizargia begietan ...
Non-nai aldiaren sitsa!
Zu'ka, zoroki, mintza zitzaidan,
55 zaldun arrotza bainintzan.

Laztan dut. Bera, arrituta,
begi-begira dagokit.
Gero, geldiro: "Nor zaitut?
Euskeraz ark niri galdegiña
60 gogoan besterik ez dut!

Nire begien suz sutu
naiez bereak, diotsat:
"Billoba nauzu, zaarrena ...
"Zure marrubi gorriak iñoiz
65 “ostutzen oi-nituena ..."

Oroi ote? ... Begietan,
zalantza dut tximistarik
iragan zuelakoa.
Burua igurtzi zidan astiro,
70 esanaz: "Zu ... ? Zu ... ? Gaxoa!

Ta asi zan biraka berriz,
il zaarrei oska, negarrez,
eriotzaren egarri ...
Bizitzaren ondar-aleak
75 larraiñean eultzen ari!

IV - Oraiña

Ta, ara, bidean, baldarño,
muttiko bat guregana:
ark birbilloba, nik seme.
lkus amonak, bertan gelditu,
80 ta aren eztizko irriparre!

Laztan du, pozak zoratzen:
"I aut, orain akust ongi!"
(diotsa) "I aut, bai, "olako"!...”
Ta ... nere izenez igurtzi zuen
85 burutik oiñetaraiño.

Leena zegoen oraiñaz
ele gozoka. Bitzuok
mintzo beraz ziarduten.
Ene asaben lokarri zaarra,
90 Yaunari zor, etzan eten!

V - Etorkizuna

Ordun eguzkiz yantzi zan
asaba zaarren baratza;
ordun, zuaitzak igaliz;
ordun baratza leeneratu zan
95 mugak berriro zabaliz.

Ta leen ikusi-gabeko
zuaitz berri bat zegoan
erdian, guzien buru ...
Aren gerizak erri-baratzak
100 ezin-ilkor egin ditu.

Nire Tabor-mendi: nire
baratz zaarraren antzalda!,
egi, mami, biur adi:
leenaren muiiiak aldatu beza
105 baratz zaarra baratz berri!

1931


1 Asaba = arbaso
3 leen = aintzina batean
4 Otzaldi zoro baten itzuli = hotzaldi zoro batetik itzuliz
12 zazpi begiko baratzai = baratza zorrozki zaintzen zuena
14 nenkusanetan = ikusten ninduenetan
20 ziten = zieten
24-25 su itzalitzako zaarra gar gorri/dabil da biur-naiean itzalitzat jotako su zaharra gar gorri bihur nahian dabil eta
30 ortziak peitu du iguzki = ortziak falta du eguzki
37 alderoka = batera eta bestera, balantzaka
44 zaarrak dit ondu = urteen joanak ondu dit
47-48 aurtzaroko / lurrak irentsi-lagunak = lurrak irentsitako haurtzaroko lagunak
53 sitsa = pipia
74-75 Bizitzaren ondar-aleak /larraiñean eultzen ari = bizitzaren azken uneak larrainean aletzen ari zen
87 ele gozoka = hizketa gozoan; Bitzuok = bata eta bestea
90 Yaunari zor = Jaunari esker
99 erri-baratzak = (lehen argitalpeneko ohar batek dioenez, abertzaletasuna adierazi nahi zuen esaldi honen bidez; horrela, aberria "herri baratza" litzateke)
102 antzalda = antzaldatze

Hasiera

_____________________
Izotz-ondoko iguzki

Poema hau guztiz aberkoia da. Izotzaren ondorengo eguzkia, berpizkundearen sinbolo bezala erabiltzen da. Euskara eta abertzaletasunarentzat gogorrak izan ziren urteak igaro ondoren (diktadurarenak, alegia), idatzi zuen Lizardik poema hau. Izotza etsaia da, alegia; ohean eri dagoena, euskara. Baina eguzkiak beti duela "zernai esnarazteko men zoragarria" esaten digu Lizardik.
Garai hartako abertzalegoari maitagarri zitzaizkion ikur, sinbolo eta erreferentzia goraipatuak agertzen dira estalgarririk gabe poema hontan: mendia, Aralar eta Mikel deuna, gazteria abertzalea, etabar.

Izotz~ondoko iguzki,
neguaren parre:
olerkariak noizpait
iri goratzarre.

5 Emeki duk itxaroz
piztu garai-larre:
udaberri-lamiak
larreon batzarre.

Beetik nator, ibarrak
10 izoztuta utziaz.
Mendia yaiez dago
urrezko yantziaz.
Aren parrea dadat
irrika biziaz,
15 gozatua baitu gaur
ezti bereziaz.

Udalenak irria
oi-du zoro ozena;
Udak, aragikoia;
20 udazkenak, bena;
negu-gau ozkarbien
izotz-ondorena berriz,
bakarra duzu;
denetan emeena!

25 Bai-baitator urrundik
Gabonetarako
seme zaarra: bidean
elurpe du oro;
etxeko sutondoan
30 bixkortu ezkero,
ikus aren ezpainen
parreantxa gozo!

Bai-baitatza eria
ogean: erio
35 atzapar itsusia
luzatzen ario:
berbizkunde-berria
maiteak yario:
itzik ezin ta irria
40 ain eni dagio!

Sagasti soilla lotan,
abar makur naaspil;
zelaiek, orbelpean,
ametsetan Orril;
45 txori gaxoei aztu
gau latzaren urbil;
aizeñoa lillurak
otxanduta dabil.

Aranak mailka daude
50 gorantza yarriak;
guzien ondarrean
laiño urdin, begiak;
izotz-arnasa, agian,
baititu iguzkiak
55 zernai tauparazteko
men zoragarriak.

Ezker-alde Orexa,
eskui, Altzo-muño;
non-nai euskel-oiartzun
60 ortzi-mugaraiño ...
Dabesadan, ibarrak
laiñotan daudeño!
Dabesagun, lagunok:
geroak ereiño!

65 Aran ta muño gaiñez
Aralar aundia,
euskotarren zaindari
Mikel´en mendia:
koskak elur-dirdaiek
70 bil ta, dirudia
amets eder mamitu
ortzian geldia.

Yondone goiaingeru
garaille goitarra,
75 gure arazo latza
duk bizi-bearra;
artarako, nagusi
dukan Yaun bakarra
ire bidez dotoigu,
80 damaigun indarra.

***********

Izotzak estali zun
gure Euskalerria;
mintzo ozenak zabaldu
berbizkun-berria.
85 ltzal-zokondoetan
lore, izotz-bitxia;
baiña gaiñetaz ari
yauntzen eguzkia.

Izotz-ondo. Neguak
90 parre eme. Gizadi
larria gaillurreruntz,
muñoak mailladi.
Gazte-sail kementsua
goraiño badadi,
95 izozpetik eguzkik
yare dik Euzkadi!

1931


5 itxaroz = itxaro izanez
6 garai-larre = goiko larrea
7 lamiak = lamiek
8 larreon larre honetan
13 dadat = edaten dut
20 bena = tristea
36 ario = ari zaio
42 abar makur naaspil = adar makurrak nahaspilean
44 Orril = Maiatza
46 gau latzaren urbil = gau latzaren hurbiltasuna
48 otxanduta = bigunduta
49 Aranak = ibarrak
51 ondarrean = sakonean
52 laiño urdin, begiak = begiek laiño urdiña dakuste
56 men = kemen, indar
61 dabesdan = abes dezadan
63 dabesagun = abes dezagun
64 geroak ereiño = geroak ekarriko digu erramua, garaitza
69 koskak = haitz-mailak
70-71-72 ... dirudia/amets eder mamitu/ortzian geldia = iruditzen zait amets eder bat dela gorputz hartu eta aidean gelditu dena
73 Yondone goaingeru = goiaingeru santua
79 dotoigu = otoizten dugu
80 damaigun = eman dezaigun
84 berbizkun berria = berpizte berria
87-88 baiña gaiñetaz ari /yauntzen eguzkia = baina eguzkia gainetaz jabetzen ari da
90-91 Gizadi / larria = gizatalde ugaria
92 muñoak mailladi = munoak zurubi, eskailera
96 yare dik = askatuko dik

Hasiera

____________________
Gure mintzo

"Gure mintzo". Lizardik aitortzen digu beregan zeramala abesmiña jaiotzatik, jaina tresna falta zitzaiola: hizkuntza,
Euskara hizkuntza, espetxe-zulo batean murgildua bezala agertzen digu: baldar, makur, indargabe, mespretxatua. Norbait behar zuen egoera makur haretatik atera zezan; eta norbait hura noizpait agertu zen, noizpait sortu zen: Sabino Arana. Aranak abertzaletasuna ideiaz zehaztu ondoren, bazter guztietara aldarrikatu zuen. Horrek, besteak beste, euskara hizkuntzaren hobeagotze bat ekarri zuen ondoren bezala, euskaldunek handik aurrera arreta askoz gehiago jarri baizioten beren hizkuntzari...
Hauxe litzake poema honen gutxi gora-beherako edukia.

Arana-Goiri´ren oroiz ta eskarrez.


Nerekin yaio nun abesmiña,
ta aurtandik min ori dut izan samiña ...
Kanta nai, nai alper: mintzoa
peitu, miñak bear-eztigai gozoa!

5 Uts bainun oskai guri berexa,
atsa yaurti arren ezin sor abesa;
amets-arteko oiu bailitzan,
otsaren-zakarrez izu-lkara nintzan.

Il-zaarki, bizi dugun gizona!
10 Egunoro berpiz lurpean dagona!
Bezat onets aren izena,
aberriz ta mintzoz gu yantziarena.

Aren argibidez ni yabetu
enegan bazala norbait atxilotu.
15 Ordun, yetxi nazu lezera;
nork gere inuiñean dugun itzalera.

Oin kolokak zuur, begiak yoran,
zurubi biurrez poliki ninyoan.
Guri argi ematearren
20 itzaliarena, eskuan nenkarren ...

Orra noizpait ere beeraiño el,
ta leotza arki dut ondoaren sabel,
ta, leotzean, il-iduri,
gizalaba eder odol-gabez zuri.

25 Ipui zaarrak, atozte gogora!
Atozte erregingai begizkoak zora!
Bazterrean ikus nerea,
ene ta ene asaben oarrezak botea...

Adatsa busti diot negarrez,
30 biotza berotu nerearen garrez,
ta ito-larria arin-bearrez
leio zekenera dut nerekin narrez.

Berriz-yaio-poza suma nuen ...
Gezal mugagabez bide-ginyoazen:
35 bizitza-itsaso otxan barea,
goiz-eguzkiaren txinpartez erneal

Ezpaiñak dardar, lepo-zaiñak ler-
bearrean, muinki dut estu nere eder
besoetan, ta atsa yaurtiki:
40 ta ura bai, egin zan aoan abesti!

Aapaldiak elkarren ondoren
yalki ta, uso zuri antzean zetozen
itzuli, itxaso urdiña zear,
mokoan, edergai, basoaren abar.

45 Itzuli zetozen aapaIdiak;
itzuli zetozen nere uso txuriak
Aberriarentzat damesgun
legor gizenetik, yai-ostoa lagun ...

************

Ene leozpetu yare-berri,
50 eusko orok zaitzagu miñen eztigarri,
ta besteren gogo-menbetik
yare-gagizu usu, geurea gaiturik!

1931


1 yaio nun = jaioa nuen
2 aurtandik = haurtzarotik
3 Kanta nai, nai alper = kantatu nahi, baina alferrik
3-4 mintzoa peitu = mintzoa falta
4 miñak bear-eztigai gozoa = abesmiñak, hain zuzen, behar zukeen eztigai gozoa
5 Uts bainun = falta bait-zitzaidan; oskai = ots-gai; berexa = berezia
6 atsa = arnasa; abesa = abestia
9 Il-zaarki, bizi dugun gizona = aspaldi hila izanik ere, oraindik bizi dugun gizona
14 atxilotu = loturik, preso
17 Oin kolokak zuur = oin kolokak kontuz; yoran = erne
18 zurubi biurrez = eskailera biurrietan
19-20 Guri argi ematearren/itzaliarena, eskuan nenkarren = guri argi ematearren hil zen haren argia, eskuan nenkarren
21 el = heldu, iritxi
22 leotza = espetxe-zuloa; ondoaren sabel = hondoaren sabelean
26 Atozte erregingai begizkoak zora = atozte, begizkoak; zoraturiko erregingaiak; begizko = sorginkeria; erregingai = printzesa
27 nerea = nere (erregingaia)
29 adatsa = ile mataza
32 leio zekenera dut nerekin narrez = leio zekenera nereki eraman dut arrastaka
34 bide-ginyoazen = ginjoazela zirudien
41 apaldiak = ahapaldiak
47 damesgun = amesten dugun
48 legor gizenetik, yai-ostoa lagun = lurralde emankorretik, jai-ostoa mokoan
49 yare-berri = askatu berri
51 gogo-menbetik = izpiritu-menpetik, izpirituzko morrontzatik
52 yare-gagizu usu = libra gaitzatzu azkar

Hasiera