XABIER LIZARDI EDO POESIA GAILEN

Poesi hizkuntzaren moldatua

Xabier Letek idatzia

Euskal poesia modernoan, eta besteak beste, lehenik hizkuntza poetiko berezi bat sakonki itxuratu zuena Xabier Lizardi izan zen. Historian zehar, eta poesiari begiratuz, euskal poetek, gehienetan, iadanik egina, osatua dagoen hizkuntza bat erabili izan ohi dutela ikusten dugu. Hizkuntza horrek, signifikante bezala, bere adieraz-izkutukiak zeharo taxuturik daduzka.

Hamaseigarren mendean Detxeparek bere poema erotiko bikainak idatzi zituelarik (erotikoak, erlijiozko eta euskarari buruzkoen artetik hartzearren), gauza garrantzitsu bat egin zuen: era pertsonal batetan eta ikuspegi berezi batetatik, gai zail, arantzadun eta sakon bat erabili zigun. Gainera, euskal literatura idatziaren (eta argitaratuaren) lehen urrats nagusiak ematen zituelarik, hizkuniza bat kultur-tresna bilakarazten ari zen.

Ongi dago. Baina, hala eta guztiz, eta Detxepareren poesiak euskara arkaiko indartsu baten xarma guztia beregan badu ere, Detxeparek ez du poesi-hizkuntza berririk lantzen eta moldatzen. Eginik dagoen hizkuntza batetatik ari zaigu. Adibidez:

Zuhur gutik andregatik gaizki erran diroite
Haiez ongi erraitea onestago litzate
Emaztiak zerengatik gaizki erran dirate
Handi eta ttipi oro haietarik girade.

Estrofa hortan ohiturazko hizkuntza kolokial eta egunoroko baten airea somatzen dugu, eta hizkuntza ber hori eder, musikal eta adierazkor bada, ez da, nagusiki, Detxeparek landu eta asmatutako hizkuntza delako, garai hartako herri euskaldunaren mintzaira sendoa izateagatik baizik (Eiheralarreko populu sensualaren hizkuntza).

Poesia gauzak izendatzeko era bat dela uste dugunok, ez dugu, nahi ta nahiez, gauzek egunoroko ohituraz duten izen soila eraman behar dutenik uste izan behar. Poesia gauzak izendatzeko era bat denez gero, gauzen izenak asmatzeko era bat ere bada. Hori da, hain zuzen: gauzen izenak berrasmatzeko era ausart eta mamiz beterikoa.

Eta Lizardik, hizkuntza poetiko berezi baten lantze hori, oharkabean edo guztiz ohartuz, ordurarte euskal poesian ezagutzen ez zen maila batetara jaso zuen. Poesia diskurtsibu batetatik poesia metaforikora pasatzen zaigu.

Poesiaren oinarri sakona ideia denez gero (hortan, Galvano della Volpe-rekin akort nengoke), ideiaren adierazpen poetiko imajina da, eta imajinaren tresna, metafora. Lizardik imajinak borobiltzeko metaforak asmatu zituen. Bere mundu barnekoi ela kanpotiarraren arteko sintesi nagusia obratu nahirik, metaforazko hizkuntza indartsu, oso baten bila abiatu zen. Metaforak, esan bezala, imajinak jazteko erabiltzen zituelarik, bere poesiaren adierazpena moldearen edertasun eta nortasunez apaindurik ager zedila nahi zuen. Hortaz, bere poesia ez da primitibutasun bortizduna (ez da gaur egun askori gustatu ohi zaion poesia-erreminta arrunta).

Baina, Lizardi ez zen formalista bat; ez zen kasik batere formalista. Hala ere, formaren bilaketak biziki kezkatzen zuela konturatzeko ez da haren poesietatik gehiegi irakurri behar. Bilaketaren kezka hor dago, lerro bakoitzean, neurrian, ritmoan; berak asmatzen zituen hitz berrietan, lortzen zituen imajina paregabeetan:

Gauaren aginduz, orra sua itzali.
Itz ok bota dizka Egun yoanari:
Ai, Eguntto txoro!, ez ezagun ama,
Leen uts sakonean Bakar nindukana?...
(Gauak egunari esanikako hitzak.)

Poetik hizkuntza berri baten premia (bere nortasunetik ezik) Lizardiri nondik zetorkion jakiten ez da erraz, baina aztertuz gero, azterketan irudimen pixka bat jarriz gero, asma liteke. Hizkuntza berri baten premia, lehenik, euskara-hizkuntza poetikoaren pobretasunetik datorkio Lizardiri. Lizardi gizon apala da, eta ez du euskara txarretsi nahi, ez du baldar salatu nahi. Hala ere, hizkuntza desmoldatu, zanpatu baten hutsune eta ezintasunek minberatu egiten dute.

Bere barneak naturalezaz, gauzetaz eta errealitate nahasitik sorturiko ideia nagusietaz sentitzen duen guztia esan ahal izateko behar lulkeen hizkuntza aberats, jori, oparo bat eskuen artean ez edukitzeak, bilaketa indartsu eta lehiatsu batetara bultzatzen du.

Lizardik euskara nagusi bat nahi du; bere betiko izaerarik galdu gabe, gaurko mundu bihurriaren adierazle izan litekeen euskara bat. Horrela, erdal intelektualek euskarari egiten zioten kritikaren zentzu mingarriaz benetan jabetuz, Unamunoren euskararenganako zera errezelotsu eta super-klasizista, sasi-unibertsalista, probintziano-salmantinista hari erantzuteko gai eta kapaz izan ziren idazle oso gutietarik bat dugu. (Bestalde, eta harira ez badator ere, zer nolako pizti arraroa Unamuno hura.)

Ez baita aski irainari iraina kontrajartzea; intelektual gozalkaitz kulturadun bati bi lelokeria sentimentalekin erantzutea. Baina Lizardik, maitasun-moldakaiztasun dialektikaren sakon-sakonetik euskararen benetako problema ulertu eta definituz, Salamancako erretoreari erantzun neurtu, taxutu eta dialektiko bat eskaintzen dio:

Baña nik, izkuntza larrekoa,
nai aunat ere noranaikoa:
yakite-egoek igoa;
soña zaar, berri gogoa;
azal orizta, muin betirakoa.
*********
Ortzi oro ta egute oro
yaso, ikus-ala, ta abes gozoro..,
Apaindu zernaitarako:
adi gai adierazteko
gizaki guzien alderdi ta asmo.

Arrazoia eta sentimendua ezkondu nahi ditu Lizardik; euskara, euskaldunen mintzaira, kondaira-bidetara eraman nahi du, etorkizun bidetatik abiarazi. Gai izan dadin, gaitasun nagusira hel dadin ahalegindu, lantzen saiatu.

Lizardi, zorionez, azken funtsean razionalista bat zen. Eta bere razlonalismoa kontrastez eta kontradizioz egina, argi-itzal minberakorrez osatua zegoelako, sentimenduaren bihurgune eta desio-egarri sakonetatik zehar ibiliz agertzen zaigu.

Hitzetan, Lizardik bere barne-munduaren liberazioa bilatzen du, eta bilaketa horrek ez dio bakerik ematen. Bilaketa horren ondoren bezala, batzutan espresioaren goi-maila zoragarrietara heltzen zaigu, eta espresio hortan bertan sublimatzen. Bestetan, moldearen hesi gogorrak, moldakaiztasunaren burniak ukitu eta zaurituz, borroka gogor batetan trabatua aurkitzen dugu. Lizardi, poesiarentzat zorionez, ez da sekulan «aski» esaten dutenetakoa. Ez da ohiturazko lorkizunekin konformatzen diren horietakoa. Aurea mediocritas delakoa, bizijokaeretan, eta helburu bezala, oso eragingarri ez bada, poesian heriotza bera da.

Eta Lizardi, hizkuntza espresibuaren arlo horretan, bizitzarekiko beste arlo nagusietan bezala, heriotzaren eta errazkeria antzugarriaren aurkako da: heriotza ezerezgarriaren aurkako. Lizardik bizi egin nahi du, bizitzaren konplejitatean bizi, eta poesiarenean zer esanik ez. Eta horregatik, hizkera berezi bat asmatzen du. Euskal hizkuntzaren jabetza ahalik eta sakonena erdietsiz, bere imajina propioen erditzea poesigintzatik moldatzen hasten da.

Lizardik hizkuntza poetiko berri bat lortzen badu, euskarari buruz ikusmolde osatu eta orokor bat duelako ere lortzen du. Ideien mundu aberatsak, irudimen poetikoaren adieraz-beharrak, tresna ahalik eta osatuen baten erabiltzaile izatera bultzatzen eta behartzen du. Lizardiren euskara, intentzioz, ez da inondik ere euskara lokalista edo partziala. Gerla aurreko poeta abertzale gehienetan nabari den bezala (berbizkundearen poeta benetan abertzale eta kultur-hizkuntza zaletan, Lauaxeta, Orixe bera), Lizardik oraindik ongi taxutu gabe dagoen euskara zabal, bateratu batenganako joera du. Joera horrek ez du gainera euforia politikoarekin bakarrik zerikusirik; kultur ikuspegi eta espresibitate berri baten premiei lotuz doa, batez ere.

Horrela, Lizardik, Orixek berak egin zuen bezala, bere euskalkia hartu zuen oinarritzat (kasu hontan gipuzkera osatu bat), eta gero euskalki-euskara hori ahalik eta gehien aberasten ahalegindu zen, beste euskalkietako hitz, molde eta esaerak erasten eta sintetizatzen saiatuz...

Gure mintzairaz ari delarik, mintzaira hori betegai sakonez gizendu nahi du. Koordenada batzutan sarrerazi nahi du, gainera; hauetan ezar dadin ahalegintzen da. Unamunori lehen aipaturiko Eusko-bidaztiarena propioki eskaintzen diolarik, sarreran Detxepareren bertsoak aipatzen ditu:

Heuskara, ialgi adi kanpora!
Heuskara, habil mundu guziral

Horra hor Lizardiren euskararen mutur bat: euskal literatura klasikoa. Benetako iturri-iturburu jator eta beharrezkoa.

Beste aldi batean, berriz, abertzale giroak eraginda poema batzuk idatzi zituen garai hartan, Gure mintzo deitzen den poemaren eskaintza «Arana Goiri-ren oroiz ta eskarrez» eginik dago:

Uts bainun oskai guri berexa,
atsa yaurti arren ezin sor abesa;
amets-arteko oiu bailitzan,
otsaren zakarrez izu-ikara nintzan.
********************
Aren argibidez ni yabetu
enegan bazala norbait atxilotu.
Ordun yatxi nazu lezera;
nork gure muñean dugun itzalera.
******************
Ezpañak dardar, lepo-zañak ler-
bearrean, muinki dut estu nere eder
besoetan, ta atsa yaurtiki:
ta ura bai, egin zen aoan abesti!

Literatura zaharretik jasotako hizkuntzaren beharrez eta egarriz agertzen den bezala, bere garaiko hizkuntz planteamolde bide-erakustaileen premian ere aurkitzen da, eta koordenada horietan bere eginkizuna ezarriz (lehena-oraina, euskaldun tradizio-abertzaletasun), aurreruntz doa, bere nortasun ukaezin bereziaren bihurguneak argitu eta poetikoki adierazi nahirik.

Xabier Lizardi, dena apaltasun eta dena fintasun, beste guztien gainetik dizdiratsu agertzeko gai izanik (berez gertatu zen bezala) ez zen, hala ere, berekoi harro egoskor bat, ez zen sasi-jauntxo. Bazekien herri oso baten zatitxo bat zela; hizkuntza indartsu baten lortzeko, berak ere bere apurñoa jarri behar zuela.

Hala ere, Lizardi gizon aldetik apal eta lankide den bezala, poeta denez gero nortasuntsu eta bakarti da. Bere poetikan agertzen den gaitasunak eraginik, espresibitate oso baten beharrak bultzaturik, bilaketa batetan zehar gelditu gabe doa. Lizardiren jardun ia guztia bilaketa da. Hitz zehatzen bilaketa, forma plastiko egoki baten lortu-nahia Gauza, gertakizun, sentimendu, ideien plastika aldakorra, pareko mintzaira batetara isuri nahia.

Eta alde horretatik begiratuta, haren poesia zail da. Zail da, hizkuntza sintetizatu, landu, osatu, berritxuratu baten bitartez espresatzen delako; batez ere aberastasuna, eta xehetasun guztien parekotasun plastikoa aurkitzen saiatzen zelako.

Beraz, batzuek gaur egun, zoritxarrez eta intentzio desberdinez, hainbestetan aipatzen diguten «herrikoitasun» horren ikuspegitik begiratuta, Lizardiren poesia zail da. Egia esan, Lizardiren poesia, batez ere hasiera batetan, irakurle saiatu eta ikasiarentzat ere nahiko zail da.

Baina zailtasun hori, deliberatuki bilatua izanik akats eta pedantekeria litekeen bezala, Lizardiren ahaleginetik aberastasun eta edertasun sakon besterik ez da.

Lizardi, hizkuntz-espresibitatea euskal literaturaren arloan bere goi-mailara eraman duten bakanetako bat dugu (garaian garaiko baldintzapenak kontuan hartuz), eta horregatik ukan ditu, behar bada, hainbeste imitatzaile. Nahiz eta, egia esan, Lizardiren pareko poesia egiten oso zail izan. Lizardik bilatu zuen adina gutik bilatu du. Adibidez, zati batzuk har ditzagun.

Agur deitzen den poema batetan, Lizardi lagun bati buruz ari zaigu, eta errukarriak nola bere bizitzan zehar arrazoia galdu zuen esaten digu. Adimen galduaren gau ilunean amilduta bizi den lagun gaisoaz honela dio poetak:

Adiskide kuttun, lagun zorigabe
azpildu-gabeko biotzaren yabe,
onerako zabal, ederrak su-bera:
atorkit, Onuzki, gaur oroimenera!

Lehen estrofa hontan Lizardik lagunari egiten dion deia musika bikain da. Dena neurri eta zehaztasun. Lizardiren poesian hainbestetan ikusiko ditugun hitz konposatuek ere beren burua agertzen dute: azpildu-gabeko, su-bera. Hitz konposatu horietan, Lizardi, nere ustez, hizkuntzarekin burruka bizian ari da; esaldi bortitz sintetizatuak erabili nahirik, hitzak elkarri josten saiatzen da, arragoa horretatik esan-nahi berri batekin jantziz jaio daitezen.

Ondorengo estrofan, ideia guztiz zaflak Lizardik zeinen maisuki adierazten dituen ikusiko dugu:

Elker-ordañaren ezti berdiñaka
bein ta berriz uka maitasunak baitik,
t´ez eskein bizitzak beazuna baizik
(ala baita mikatz sagar bat elduka)
aldegiña aiz urrun, lagun biotz-bera,
adi-mugaz aruntz-erbeste itzalera.

Hain gauza bihurria gutitan esan da euskaraz hain sendo, fin eta bortizki: adi-mugaz aruntz-erbeste itzalera. Horra hor imajina bikain bat. Eta zer nolako espresibitate esankor plastikoa ala baita mikatz sagar bat elduka delako horrek!

Eta ideia ber hortan berriro murgilduz:

Adiskide laztan, eun bider gaxoa:
gogapenak elkar bil-ari meeñoa
beñola zaik eten... Adi-yauregia!
Yabe dituk, geroz, gaua ta naasia.

Yabe dituk, geroz, gaua ta naasia! Gogapenak elkar bil-ari meeñoa! Eta berriro hitz konposatuak: adi-yauregia. Esaera bikaina. Eta hor daude, baita, Lizardiren poesian behin eta berriz aurkituko ditugun diminutibu eta bustidurazko hitz, izen biguin, xamur, paregabe horiek ere: meeño, laguntto.

Zati bikainak, beste askoren artean, Urte giroak ene begian poemetakoak lirateke. Horrela, Bizia lo zatiaren sarrera:

Egur ezearen kea
goiak du kolore:
egunaren atariruntz
zauri bat, gordiña,
odol bearrean urre.

Egur ezearen kea / goiak du kolore idazteko, margo eta formei asko begiratu behar zaie; gauzen gauzatasunaz jabeturik egon behar da, eta errealitatearen aberastasun mugarik gabeak molde espresibu egoki batetara isurtzen jakin behar. Eta, behar bada, influentzia inpresionista sakonak behar dira (pinturaren bidez edo).

Bestetan, Lizardiren poesia musika eta ritmo bilakatzen da:

Anitz egunez, ez gera alaitu
lurtarrok. Goien sar egin baitu
Euri'k Eguzki giltzapean;
yaun orail eder, legorteen aita,
katez loturik egona baita
odei bustien sabelean.

Hizkuntzaren musika bera dago lerro horietan; poesiaren musikaltasun jatorrizkoa kanta bihurturik. Eta imajinak, metafora zoragarriak. Lehen aipaturiko ideia-imajina-metafora hiruko nagusia ritmo bizi eginik...

Orain, poeta udaberriaz ari da; berak ziur asko hainbestetan, ikusiriko udaberrian loratzen diren sagastietaz. Eta agertze argitsu hori kantatzerakoan, Lizardiren poesia sensualitate bizikor gozamentsu bilakatzen da:

Sagasti berri, sagasti zuri,
inguma-atsegintokia iduri,
elurte arian geldia!
Ezin urtuzko txingor ugari,
azpi gizenean duk nabari
zeiai-bitxizko loredia...
Zertan udalen dan igertzeko
begi bear diot bide-ertzeko
pago pertxenta gazteari,
ta ikus orbelez dan erantzia
ta apaingarri berriez yantzia,
baso zabalen aintzindari?

Dena sensualitate gozo... eta era berean minberakor. Eta dena hizkuntza neurtu eta hitzen musikaltasun zoragarri.

Hala ere, hizkuntzari doakion gai hortan badira, nola uka, hutsegite eta lizentzia bitxiak Lizardiren euskaran; hizkuntza guztiz osatu eta kodifikatu batetan mekanikoki aplikagarri diren arauak tortura-tresna bihur baitlitezke gurea bezalako hizkuntza sakabanatu batetan... Lizardik, behar bada Orixeren influentziaz (honek ere batzutan oker egiten bait-zuen), hor goiko estrofa horretan dakusagu nola, beste batzutan bezala, begiratu infinitibuaren atzizkiak janaz, aditz denboraren jokoa begi bihurtzen duen; eta, nere ustez, gaizki dago. Iragan denbora konjugatzerakoan ere Lizardik horrelakorik askotan egiten du: etxera sar giñen, eta horrelakoak...

Akats ber horiek Lizardiren ahaleginaz mintzatzen zaizkigu. lkasi nahitik sortutako akatsak, moldea berritu nahi izatetik... Akatsak, bizitza edo langintza aberats batetan, ongi egintako gauza askoren kontrapuntu izan litezke, eta, egia esan, ez dute funtsezko garrantzirik.

Lizardik, hizkuntza ber-moldatu eta bere poesiaren ritmo-neurrira jarri nahirik, batzutan bortxatu eginten badu, bortxakeria hori maitasunezko bortxakeria da. Eta poesian, nere ustez, horrelako gauzak beren neurrian jasankor dira, gramatikalki guztiz zehatz eta zuzen ez badira ere.


*********************************

Natur-inpresionismoa, bizitza eta heriotzarekiko gogoeta

Lehen aipatu dugu zerbait Xabier Lizardiren joera inpresionistaz. Inpresionismoa, gauzen gauzatasunetik sorturiko joera estetiko bat da, nere ustez (pinturan, azken mendetako akademizismo burgestu eta salduari bere garaian kontrajarri zitzaion joera askatzailea, natura eta paisajeari, argiari, margoei garrantzi ematen zitzaielarik).

Errealitate objetibuaren fenomenu eta adierazpen diren gauzek beren aginte edo lehen-mailakotza ezartzen dutelarik (eta aginte hori kontzientzia subjetibudun artistak onartzen duelarik), sensibilitate errealista berezi baten bitartez fenomenu horiek arte-gai bihurtzea inpresionismoaren joera da.

Inpresionismoa ez da, ordea, naturalismo soila, ez eta, sozial arloan, kostunbrismo ere, errealitate nagusitik abiatuz arte integratzaile eta era berean norberetu bat sortzeko moldea baizik (nahiz eta zentzurik txarrenean jasotako azalezko inpresioek errealitatearen interpretatze eskas batetara eraman ahal izan, bai pintura-literaturan, bai eta pentsamenduaren arloan ere).

Gauzak hor daude, gauzen mundu zabala beti sensibilitatearen aurrean egiztatuz ari zaigu. Gauzak dira garrantzitsu, inguru objetibuaren zehaztasun guztiak. Eta horrela izanik, gauzen gauzatasunaz jabetzea, errealitate objetibu batetatik abiatuz artea egitea, aukera litekeen biderik ederrenetako bat da.

Lizardi poeta zehatza zen, fenomenuen kontatzaile eta aztertzaile. Lizardi, barne-egarriz beterik, inguru material eta gizartetsu bereziaz bildurik aurkitzen dugu. Bera guztiaz ohartzen zen, gauzen edertasunaz, bizitzaren laburraz denboraren aldakortasunaz, gizonaren antsia mugagabe eta ahalmen mugatuetaz. Inguru sozialaz ere bai; euskal gizartearen premia eta burrukaz. Kultur-politikazko berbizkunde berri batek Euskal Herriari irekitzen zizkion etorkizunerako bide berrietaz:

berbizkunde berria
maiteak yario:
itzik ezin ta irria
ain ezti dagio!

Orixe batek bizitzaz zedukan ikusmolde teologikoarekin (nolabait deitzearren) kontrastatuz, Lizardi ia panteista dugu. Lizardi, zalantzarik gabe, fede sinesmenez kristau zen; poema askotan adierazpen oso konkretuak daude horri buruz. Baina haren sinesmena eta bizitzarekiko zentzua, sensualitate sakon kosmiko-panteista batetan finkatzen da. Bera hortaz argi eta garbi ohartzen ote zen ala ez jakitea, besterik litzateke; baina horrek ez du garrantzi gehiegirik.

Lizardi poeta argitsu bat dugu. Gauzen edertasunaren aurrean txunditurik bizitzen zen poeta bat, nahiz eta errealitatearen argi-itzal eta muga zalantzakorretaz jabetu. Bizitza, mundua, gauzak mugatuak direla jakinaz bizitu zen poeta dugu Lizardi.

Eta Lizardiren poesiaren gai nagusiak, beste askoren artean, bizitza eta heriotza dira. Heriotza, Lizardiren poesian askotan agertzen da: Xabiertxoren heriotza, amonaren heriotza, egunaren hiltzea eta ilunpetan desegitea, etabar.

Heriotza bizitzaren beste aurpegi ukakorra denez gero, Lizardik behin eta berriz bere poesigintzaren atze-oihal eta izkutuko doinu bezala jartzen du, beti hitz-erdika besterik ez bada ere. Eta Lizardiren begirada zorrotza, prest dagoen gizon jakitunaren begirada da.

Lizardi naturaz ari delarik, osotasun bete batetaz ari da; baina asko ta askotan, laster ukatua izango zaion pasio zoragarri, minberagarri batetaz ere ari da. Lizardik erabiltzen zuen sinbologia, askotan zentzu horretatik doa.

Bere poemagintzaren mailarik gorengoenak, bizitzarekiko maitasuna eta heriotzaren hurbiltasun ukaezina kontrastatuz lortu zituen Lizardik. Bizitza-heriotza, betetasun-hutsune, izan nahi-ukankortasun kontradizio nagusiek poema indartsu paregabeak egitera bultzatu zuten.


Lizardi orokortasun da; baina Lizardi, baita ere, zehastasun aberats eta ugari da. Ez zen ideia baten edo bizi-giro baten lerro orokorrak marraztearekin konformatzen; zehaztasun berezi, bitxi, borobilgarriak aurkitzen saiatzen zen. Apaingarri poetikoen bilatzaile paregabe izan zen: imajina, sinbolu, deitura, kalifikatze, esaldi.

Ez dakigu ziur, baina uste izan behar da -haren jardunak horrela adierazten baitu- lehen aipaturiko pintura inpresionista ikusia zuela, edo pinturagintzaren joera hortaz berri zehatzak zituela.

Beste alde batetik, iruditzen zait hemeretzigarren mendearen bukaerako frantses poesia erromantiko-ondorena zerbait ezagutzen zuela, eta gustatzen zitzaiola (Verlaine, agian?). Eta, ziur asko, modernismotik sorturiko espainiar poesia sinbolista berriaren puska eta egile batzuk ere bai (Juan Ramón Jiménez?).

Arazo horri begiratuz -eta berek hortaz argibide gehiegi eman ez zutelarik- garai haretako euskal poetek zer influentzia izan zuten edo zein poeta arrotz gustatzen zitzaien jakiten ez da oso erraz. Susmo batzuk badaduzkagu, hala ere, eta egunen batean azterketa zehatzago bat egin beharko da hortaz.

Agian, eta behin baino gehiagotan pentsatu izan dut, garai haretako poetek (Orixek ezik) beren gusto eta influentziarik nabarmenki agertu ez bazuten, garai haretako euskaldungoa ez aztoratzearren izan zitekeela; zalantza izango baitzuten, agian, poeta arrotzengandiko influentziak ez zitzaizkiela garai haretako euskalzale kritikoei gehiegi gustatuko (segun eta zein poeta arrotz, jakina).

Lizardi poeta inpresionistak, euskal paisajea, lurra eta margoak izugarri maite zituen. Mintzaira maite zuen bezalaxe. Naturaren aurrean jartzen zelarik, txundituta aurkitzen dugu:

0i, lur, oi, lur!
0i, ene lur nerea! ...
oi, goiz eme,
parre gozoz ernea! ...

Baina zati horretan dakusagunez, Lizardik Paisajearen edertasunak barneratu eta bere sentipen-labean goritu egiten zituen. Horrela, bultzi-leihotik Usten duen lur eder horri, ene lur nerea deitzen dio, pertsonalizatuz. Hau da, gauzak bere sentimendu eta gogoeten ernagai eta osagaitzat hartuz.

Gainera, Lizardiren lur eta paisajeak, ikuspegi sozial-gizartetsu batetatik, gehienetan antropologizatuak aurkitzen ditugu. Lizardiren edertasuna ez da edertasun soila, ez da abstrazio deserrotu bat. Herri bateko gizonen lanarekin, eta lan horren fruitu diren emaitza miresgarriekin zerikusi handia du:

Arto musker,
mendi, baserri zaarrak;
ale gorriz
abaildutako sagarrak
*******
Nekazari,
gizandi bat iduri
soroan zut:
beyondeizula zuri!...

Lizardi, beraz, euskal paisajearen kantari sutsu eta berezienetako bat dugu. Eta, era berean, paisaje liluragarri horrek kosmo osoaren ulerkera eta sentikera berezi batetara darama. Lizardiren poemetan, eta edertasunaren bihotz-bihotzetik sortuz, gizona eta naturaren arteko harreman eta borroka betikoaren aztarrenak daude. Lizardik badaki liluratzen gaituen lur-natura eder horrek noizpait bere altzora deituko gaituela; badaki izaki guztien itxuraldaketa geldiezina dela.

Badaki zuhaitz bakarraren itzala zain dadukagula, eta egunsentiko andrearen esku hotzak bere behatzak sorbaldan ezartzen dizkigunean, ukatzerik ez dugula izango. Baina, bitartean, Lizardik bizi egin nahi du; bere izaera guztiaz bizirik iraun. Bizitzaren zentzua, edertasunaren moldez sublimatu. Ondar gorri poemaren bukaeran, iragan urte-giroei azken begirada boteaz eta azken eskaria eginaz dioen bezala:

Yainko-muño-gañetara baño leen,
(ederra baita bizia!)
urrezko itsaso bebilt urduria,
Itzal dudala laguntzalle lerden.

Ederra baita bizia! Lizardiren deiadar sakon ohargarria; bere altzoan bizitzari buruzko filosofia oso bat daraman esaldi betea.

Lizardiren baitan, eta haren olerkiak irakurriz, edonon soma liteke gizonen bizitzaren azken mugen itzal hauskorra. Presentimendu bat ezlk, guztiz erroturiko jakituria bat da Lizardiren baitan. Eta horrela, bizitzaganako maitasuna eta bizitza ber hori galdu beharraren kezka eta pena, nahasirik eta halabeharrez ezkondurik agertzen zaizkigu haren poema askotan.

Horrela, Lizardiren poesigintzaren une berezi batetan, Urte-giroak ene begian izeneko poema luzea dago. Urte-giroak, alde batetik, lehen aipaturiko inpresionista bikain batentzat gai eta eragingarri indartsu dira. Lizardik urte-giroak banan-bana marrazten dizkigularik, naturaren mogimenduak gure lurrean obratzen dituen aldakuntza, kolore, usain, forma eta mila fenomenu zoragarriak deskribatzen dizkigu.

Baina, era berean, naturaren baitan obratzen diren urte-giro horiek gizonaren bizitzan obratzen direnen oihartzun eta adibide ditugu. Orduan, poeta erne jartzen da. Inguratzen duen edertasun guztiaz jabetu nahirik, bere indar-ahalmen guztiz argi-itzalen ekilibrio deuseztagarri hortaz mintzatzen zaigu. Haren abotsa oihu bat da. Batzutan oihu gozo, eztitsu:

Leioak itxitako yauregia
basoak iduri. Lo nagusia.
Baña, badu norbait -zoragarria-
bidazti-zai eder: bai, alegia!
Begira non dedan, aterpean zai,
gorputza sotilla, betartea arrai.
Itzal! Baso-ren ume yaukal,
xaloagorik ezin aal:
beltxeran, begi bai azal:
Itzal! ...
Itzal! ...

Bestetan, ordea, oihu mingarria, iraun nahiaren bihotz-bihotzetik ateratzen zaion olhua:

Berriro igo nauzu ene mendira,
oroigarri zaarrei maitez begira...
Andre lurrak yaulki ditu igaliak;
zurbil dauka arpegia, itzal begiak.
**************
Kemenak uts-eta nekez bainoa,
zalantza dut zaartu naizeiakoa...
Udazkenak aulagotzen dit atsa,
orbelak ozenagotzen oin-otsa,
aldapak larriagotzen biotza...
Leenetan ez bezain autsia natza.
***************
0i, zein den ituna
beera-bear au!
Nik ez nai eguna
biurtzerik gau!

Hala ere, bai oihu ezti-gozoa, bai mingarria botatzen duelarik, bere orainaren eta bere iraganaren jabe da Lizardi. Horrela, bere etorkizunaren jabe ere izan nahi du: oroituz, datorkiona onartzera prestatuz, eta bere bizitzaren bukaerari aurpegiz-aurpegi begiratuz:

Giroen argia galtzerakoan
leen-oiartzuna dut ozen gogoan.
Iru giro izanok, nik dei ta atozte:
nork-zeren saria ekardazute:
batak itxaro, besteak berbizte;
irugarrenak bizitza-indar bete.
Oro bear zaituzte ene biotzak,

Leen-min baidamada neurtitz zaarren otsak!

Eta azkenik, hau ere nola uka, Jainkozko betean esnatzeko itxaropenez:

Ta udazken-atsarreko goiz batean
esnatu nadi Yainkozko Betean!

Lizardiren poesian, imajingintza eta sinbologia aldetik badago poliki aztertu beharko litzatekeen, eta gaur aipatu besterik egingo ez dudan beste osagarri bat ere: espainiar poesia mistikoaren influentzia eta eragina, alegia. Berriro igo nauzu ene mendira bezalako sarrera unkigarri eta zabalek, behin baino gehiagotan bati San Juan de la Cruz oroiterazten diote. Lizardiren mendi hori ez baita, soilki, mendi fisiko bat, barne-gogoeta, oroitzapen eta sofrikarioen mendia ere baizik.

Baina, esan bezala balitz eta influentziarik balego ere, influentzia eta eragin arrotzak bere baitako molde berezietara hain ongi isurtze hori Lizardiren beste alde on bat litzateke. Dakigunez, influentziarik gabeko poesia eta artegintzarik munduan batere ez baitago.



*************************************

Asaba zaharren baratza. Lizardi, gizon politizatu

Aldakeri, Neskatx urdin-yantzia, etabar, Lizardiren maitasun-poematatik batzuk ditugu. Lizardi maitasunaz ari delarik, sensualki ari da, baina era neurtu eta transfiguratu batetan. Haren maitasun-poemak izkutukiz eta ohar xarmangarriz beterik daude. Maitasun horren erotika ez da bere baitan bortizki espresatzen, bihurgune eta alusioz baizik.

Maitasun-poema eder, ausartenetako bat, Arrats Gorri deritzana da. Poema luze, indartsu horretan, maitasuna, hain zuzen, hiltzen doan egunaren gainetik kontrastatuz agertzen zaigu, eta azkenik ohar sensualez beterik errematatzen. Lizardiren mintzaira sendo, lortuenaren exenplutzat, poema hori har genezake. Lizardi, poema horretan, era berdintsuko poemetan bezala, poeta heldu bat da. Poema horietan, Lizardiren metaforek beren berezitasun dizdiratsuena lortzen dute: metafora horietan, Lizardiren hizkera bere espresibitate eta ekilibrio gorengoenera heltzen da:

Ai, eguzkitara mutillak al ba´lu
auzo-soingaiñean burua atsedendu!...
Baiñan, Lotsa dauke tartean yarria,
naiz itxuraz, ez den lagun txit lodia.

Lizardik, bere poesigintzan askotan erabiltzen duen beste alegia amona xaharrarena da. Amona hori, bizitzarekiko esperentzian, egiazko eta hezur-haragizko izan liteke: baina izan liteke, bestetan den bezala, zerbaiten sinbolu ere.

Horrela, adibidez, alde batetik Biotzean min dut, eta bestetik Asaba zaarren baratza. Lehenengoan, amonaren ehortze-eguneko oinazea isurtzen digu Lizardik. Bigarrenean, asaba zaharren baratza horretan amona xahar bat jartzen digu, zazpi begiko baratzai. Euskararen baratzai, agian? Izan liteke. Euskararen eta euskal izatearen baratzai: erdi-zoraturik, kordea eta ahalmena ia galduan dagoen amona-baratzai gaisoa... baina bere biloben belaunaldian, galduriko hari bat berriro aurkitzen duena.

Hainbeste kezkatzen ahal zen Lizardi euskaraz eta euskal gizarteaz? Bai. Lehen, Lizardiren kezka gizartetsuaz zerbait aipatu dugu. Lizardi herri baten baitan integraturik aurkitzen zen, eta berak herri horren ahaleginetan parte hartu nahi zuen. Lizardi abertzale zen; abertzale eta aberkide. Berak zioen bezala, bere garaiko gizonek berbizkunde berri baten obratzailetzat zedukaten beren burua:

Bai-baitatza eria
ogean: erio
atzapar itsusia
luzatzen ario:
berbizkunde berria
maiteak yario:
itzik ezin ta irria
ain ezti dagio!

Lizardiren belaunaldia, dakigunez, belaunaldi Potitizatua izan zen. Euskal abertzaletasunaren mogimenduak, kultur bizitzan eragin handia ukan zuen. Beraz, lizardi eta haren kidekoen jarduna, eta garai haretan sortutako literatur mogimendua, ez zen kasualitatezko. Bakoitzaren dohainak aparte (eta Lizardirenak nork uka), denek helburu nagusi bat bazuten: euskal herriaren eta euskal kulturaren aitzinatze bat lortzea, eta hori politikazko definizio berri baten barruan.

Lizardi, argi eta garbi, zordun agertzen da. Lehen orrialdetan aipatu dudan Gure mintzo deitu poemaren lerroetan, Arana Goiri-ren zordun aitortzen da, apaltasun osoz.

Eta poema askotan, gau luze batetaz mintzatzen zaigu. Horrela, Euskal-Pizkundea-n:

Gau luzea, gau latza
gau izar gabea,
nekez gendun ikusi
aren azkentzea.
Gau erdian, il zaigu
amona gurea;
esku gogortuetan
dauka gurutzea.

Gau luze batetaz mintzatzen zaigu, eta neguaren izotz-lanbroetaz, Baina beti, bai gauaren bai neguaren ondoren, Lizardik itxaropen zuen eguzki berri batek, mintzo ozen batek izotz-itzalak behin betirako urtu eta urratuko zituela; eta gaztedi berri batek, etorkizuneko gaztedi kontzientziadun horrek, muinotan gora igoz askatasunaren goi-gailurrak iritsiko zituela:

Izotz-ondo. Neguak
parre eme. Gizadi
larria gallurreruntz,
muñoak malladi.
Gazte-sail kementsua
goraño ba-dadi,
izozpetik eguzkik
yare dik Euzkadi!

Lizardik, gerla baino hiru urte lehenago hil baitzen, ez zuen hondamendi ikaragarri hura ezagutu. Eta, egia esan, bihotzez pozten naiz. Lizardi bezalako poeta bikain bat hain gazterik hiltzea alde batetik penagarri bada ere, harentzat, hain gizon zuzen eta fina zen harentzat, handik urte gutitara gertatu behar zuen desegite ikaragarria are penagarriago eta minberagarriago izan baitzitekeen. Heriotzak, bere esku errukitsuaz, beste askok sofritu behar izan zuen infernu haretatik garaiz libratu zuen.

Lizardi berritzaile eta bilatzaile izan zen; poesiarako dohainez beterik zegoen, eta poesigintzan sakonki saiatzez gainera (hortik bere lorkizun bikainak), garai haretako kultur-gizon demokrata euskaldun bihotz-zabal askoren exenplutzat har genezake. Setakeria eta zekenkeriarik gabe lan egin zuten haietarik baitugu.

Horrek, Lizardiren nortasuna eta harekiko gure iritzia xamurtasun maitagarri eta erromantiko batetaz inguratzen ditu.

Zeren, poeta on izateko gizon ona izatea beharrezko ez bada ere, gizon on bat ere izan baitliteke poeta on; eta hori, nere iritziz, Lizardiren kasua da.

Xabier Lizardiren poesia ez da pasako. Gaurko egoeran, eta ur nahasi hauen erdian pixka bat ilundurik badago ere, urte guti barru, eta beti aitortu zaizkion merezimenduen neurrian, sekula baino indartsuago berbiztuko da. Lizardiren poesian denboraren perspektiba guztiz onuragarri izango zaio; denborak, pasio politiko eta nahasmendu harrigarri asko desegin eta urratu egingo baitu, eta Lizardiren benetako balio poetikoak ur-gainera agerreraziko.

Lizardi ez dute, ez, irakurtzen ez duten intzentsulariek edo lurperatu nahi luketen vanpiroek, ez jainkotuko, ez desegingo. Lizardi, guretzat eta euskal kulturarentzat zorionez, ziztrilkeria horiek zipriztindu ez dezateken gailur batetan baitago: poesiaren gailurrean, hain zuzen.

Xabier lete

Hasiera