XABIER LIZARDI (1896-1933)
Anjel Lertxundik idatzia
Jose Mari Agirre, LIZARDI, olerkariaren heriotzaren 50 urtemuga ospatzen delarik, Gipuzkoako Foru Aldundiak izadiaren olerkari izan zen Lizardiren omenetan lan hau babestu du 0.H.O.ko eta Euskalduntze-Alfabetatze lanetan erabilia izan dadin, Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Foru Aldundia, eta Zarautz eta Tolosako udaletxeen artean osaturiko omenaldi-programakuntzaren barnean. 1983
XABIER LIZARDI, GIZONA
Euskal literaturak izan duen poetarik haundienetakoa Zarautzen jaio zen hango hondartza luzetik gertu, 1896 urteko apirilaren 18an eta Jose Maria izena ipini zioten bataiatu zutenean.
Jose Maria Agirre Egañak ez zituen hamar urte besterik egin Zarautzen, 1906garren urtean Tolosara joan bait zen bere gurasoekin, garai hartan Gipuzkoan ospe haundia zuen hirira bizitzera. Eta Zarautzen lehendabizi, Tolosan gero, egin zituen lehen ikasketak. Ondoren, Madrilen ikusiko dugu Jose Maria ikasketak amaitzen, Zuzenbidean lizentziatura maila lortuz. Eta titulu berria besapean duelarik, Tolosako «Perot» tela metalikoen fabrikako jerente izango da hiltzen den arte, 1933ko martxoaren 12ko igandea arte.
Hona hemen, oso labur, haren bizitzako xehetasun biografiko nagusiak. Hogeita hamasei urterekin gaur erraz asko sendatzen den neumonia batez hil zen Jose Maria Agirre hura, ordea, euskal letretan gorengo mailako poeta dugu.
KoIdo Mitxelenarentzat, Jose Maria Agirre gazteak lortu du euskal poesiaren lehen maila. Xabier Leteren ustetan, Jose Maria Agirrek jakin zuen euskararen bidez hizkuntza poetiko sakon bat itxuratzen.
Jose Maria Agirreren balio poetikoari buruzko bi aipamen besterik egin ez baditugu ere, euskal literatura aztertu duten guztiak datoz bat: Jose Maria Agirre gure poetarik haundienetakoa da.
Baina nor zen Jose Maria Agirre hura? Nor Zuzenbide ikasketak egin, fabrika bateko jerente izan eta bere ordu libre eta maiteenak euskarari eta euskal poesiari eskaintzen zizkion gizon gazte hura?
Xabier Lizardi bezala ezagutzen dugu guztiok gizon hura, izengoiti poetiko hau hautatu bait zuen Jose Maria Agirrek bere lan literarioak izenpetzeko.
BERE LANAK
Orain arte Xabier Lizardi poeta bezala aipatu badugu ere, beste zenbait alor literario ere landu zuen Lizardik: kazetaritza, antzerkia eta poesia izan ziren Lizardik landutako alorrak.
Kazetaritzako lanak «ltz-lauz» liburuan bildurik daude. Hiru antzerki ere idatzi zituen: «Laño ta izar», «Bi aizpak» eta «Ezkondu ezin ziteken mutilla».
Baina Lizardik poesian egin zuen lanik ederrena eta haren poemak bi liburutan bildurik daude: bata, Lizardi berak prestatua, «Biotz begietan» da, haren libururik ezagunena; bigarrena, Lizardi hil eta urtebetera poetaren adiskide haundia zen Jose Ariztimuño «Aitzol»ek argitaratu zuen «Umezurtz olerkiak» izenez, liburu honetan Lizardik argitaratu gabe zituen olerkiak eskainiz.
Baina hoberena haren lan literarioak banan-bana ikustea izango dugu, eta liburu garrantzitsuenaz hasiko gara.
Biotz begietan
Bilbon argitaratu zuen Lizardik liburu hau 1932 urtean, hil baino urtebete lehenago. Eta hauxe da, zalantzarik gabe, Lizardiren lanik bikainena, hoberena.
Honela dio garai hartan beste poeta haundi izan zen Orixek liburuari egin zion hitzaurrean:
Lizardik gurean orainarte ez du izan kiderik, nekez izango du garaitzailerik.
Baina zer da eta zein gai agertzen dira «Biotz-begietan» Iiburuan?
Labur adierazita bada ere, honako gai hauek lantzen ditu bereziki Lizardik:
izadia
heriotza
aberria
euskara
Lizardiri izadiaren poeta deitu izan zaio maiz. Eta ez arrazoirik gabe. Ez dago gure literaturan euskal izadia Lizardik bezala sentitu, bizi, azaldu eta margotu duen poetarik. Lizardik «Bultzi Ieiotik» izeneko poeman trenean doanak euskal paisajea nola ikusten duen adierazten digu azkar asko, trenak duen erritmoaren bizkortasun berdinaz:
Arto musker,
mendi, baserri zaarrak;
ale gorriz
abailduta sagarrak.
Baina Lizardiren izadia, gure poetaren paisajea, ez da batere hotza, izadi hori bizia da, eta bizitza gizonak eskaintzen dio paisajeari. Honela dio poema berdinean aurrexeago:
Nekazari,
gizandi bat iduri
soroan zut:
beyondeizula zuri!...
Soroan zutik dagoen gizandi edo jigante itxurako nekazaria bedeinkatzen du poetak. Izadian gizona dago, euskal paisajean gizon euskalduna dago eta zorionekoa izan dadila euskal lurra landu eta maite duen gizona! Hona hemen Lizardik poema honetan eta «Asaba zaharren baratza» izenekoan naturari buruzko irakaspenik ederrena erakutsi!.
Hala ere, Lizardi hirian bizi da eta trenak hirira darama. Lizardik ez luke mendia, ez lituzke lurra eta lurraren sariak, fruituak utzi nahi. Trenak, zibilizazioak, aurrerabideak, ordea, hirira, «bear gorira» darama poeta. Eta poetak nahigabez agurtzen du hainbeste maite duen izadi hori:
Bainan... ezin:
beeko bear goriak
narama... Agur,
soro, sagar, mendiak!...
Baina Lizardi ez da mendiaren poeta bakarrik, ez da euskal izadiaren poeta bakarrik. Maitasun haundiz daki hiri haundi bateko paisajea ere margotzen, adierazten, erakusten. «Paris´ko txolarrea» izeneko poeman, txolarrea «batetik bestera» eta saltoka dabil puntatik puntara Parisko kaleetan zehar. Baina, hala ere, Lizardik Parisen ezagutu duen txolarreak Euskal Herriko txolarre bizi, arinak gogorarazten dizkio. Berdinak ikusten ditu Parisko eta hemengo txolarreak. Eta, humore fin batez, Lizardik bi txolarreen arteko berdintasuna indartzeko, Parisko txolarreak frantsesez ez dakiela esango digu:
Paris'ko txolarrea:
zertan aiz berezi
nere erriko batez?
Azalez, soin-arrea;
barrenez, biurri;
kideago zaitezten... eztakik prantzesez!
Bi poema bakarrik aipatu ditugu orain arte, baina Lizardiren izadiari buruzko poemen artean «Urte giroak ene begian» poema ezin utzi dugu aipatu gabe. Askoren ustetan poema luze hau bait da Lizardiren olerkirik hoberena, aberatsena. Gure poetak, bertan, lau urte aroak kantatzen dizkigu, baina Euskal Herrian gertatzen diren bezala: hemengo margoez, hemengo giro aldaketez, hemengo usainez. Lizardiren poema luze honetan, bizia lo dago neguan, udaberrian sagar-loreak jaiotzen dira, udararen adierazpiderik biziena ez da hondartzetako beroa eta itsasoko atsegina, basoko itzal gozoa baizik. Udazkenean, berriz, izadiak bere fruituak eskaintzen dituen bezala, gizonari ere bere lanaren berri emateko garaia iristen zaio, heriotzaren ordua da:
Ta udazken-arratseko goiz batean
esnatu nadi Yainkozko Betean!
Izadiari buruzko beste poema asko du idatzirik Lizardik baina ez dago denak aipatzerik. Eta aipatutakoen artean, «Urte giroak ene begian» poema luzearen amaiak Lizardiren beste gai nagusi baten aurrean ipini gaitu: heriotzaren aurrean:
Ta udazken-arratseko goiz batean
esnatu nadi Yainkozko Betean!
Lizardiren heriotza ez da gauza ezezaguna. Bera oso gazterik hil zen, 36 urte zituelarik. Baina hain bizitza laburrean heriotzarik ezagutu zuen bere inguruan. Adibidez, zuen alaba bakarra hil zitzaionean bezela. Aitak -poetak- alaba hilaren sehaska hutsik ikusten du eta honela dio negarti:
Zumezko otartxoa,
bazterrean utsik...
Noizdanik, gaixoa,
ez duzu lorerik?
Gabon egunez, berriz, Xabiertxo semea hil zitzaion eta hildako semeari eskainitako omenaldi bezala «Xabiertxo'ren eriotza» poema luzea idatzi zuen. Poema honetan aita-ama sehaska hutsaren ondoan daude, negarrez. Gabon gaua da, eta haur batzuk inguratuko dira, ohiturari jarraituz, beren Jesus jaio berriaren jaiotzaz, guraso nahigabetuen etxera, honako Gabon-kanta hau kantatuz:
Etxeko-andre ona,
kantatzerik nai?
Jaiotza daramaten haurrek txanponaren bat, edo gozokiren bat nahi lukete jaso, Gabonetan ohitura den bezala. Baina Xabiertxo hil berriaren amak ez dauka txantxetarako eta kantetarako gogorik:
- Nortzu dituk?... Esaiek
alde-egiteko!
Baina senarrak ezetz erantzuten dio emazteari. Senarrak zera pentsatzen du: «Gure Xabiertxo ere bizi izan balitz, bere jaiotzaz ikusiko genukeen etxez-etxe, txanponaren bat eskatuz ... ». Eta honela esaten dio senarrak emazteari:
Ez, maitea;
begira zaien...
Gurea iñoiz, azita,
oiek bezela ibiltze
aal-uken!
Orduan, emazteak senarraren hitzak ulertu eta, pozarren, honela esango die jaiotza daramaten haurrei:
Sartu, muttil ederrok,
seaska-alderaturik
yaiotza.
Orain artean, semea eta alaba galdu dituen poeta samindua ikusi dugu. Baina amona hil zitzaionean ere eskaini zion honi hileta kanta sentibera ere. Poema hau «Biotzean min dut» izenekoa da eta musika aparta ipini zion poema honi Eskudero musikari famatuak, honela «Hileta» izeneko oratorio ezaguna osatuz.
Eta honela agertzen ditu poetak amonaren heriotzak sortarazi dion nahigabea:
Biotzean min dut, min etsia,
negar ixilla darion miña.
Hileta ospatzen ari dira amonaren herritarrak eta senideak. Amonaren gorputz ximela hilkutxan dago, luze. Eguzkirik ez da ikusten («eguzkirik ez dute leiotan zapiak»), haurrak ere izkutatu egin dira bere eguneroko jolasetatik («aur-yolasik ez dago gaur zure kalean»), hodeiak ilun, itsasoa haserre daude eta jendea dago, eliz atarian, kanposantu aldera amona hil berriaren atzetik joateko zai. Abiatu da jendea eta, orduan, gizaemakumeen oinek halako hots berezia sortarazten dute lur gainean ibiltzen hasterakoan:
Ots!
Ots!
bizion oñok...
Heriotzari buruzko poema guzti hauetan Lizardiren nahigabea itxaropenez jazten da beti, itxaropentsu agertzen zaigu beti poeta, beste bizitza baten sinesmena agertzen digularik.
Xabiertxo seme hilari eskainitako poema honela amaitzen da:
Aintza goian Yaunari
askigabea;
ta, bere naia ontzat
etsitako lurtarroi...
pakea!
Alaba hilari eskainitakoan, berriz, sehaska huts, tristean, lore gorri, mardul, hezea ikusiko du jaiotzen, heriotz ondorengo biztueraren adierazgarri:
Lore bat gorria,
mardul, eze, beti;
Ideia berdintsuak agertzen zaizkigu «Biotzean min dut» izenekoan ere. Baina itxaropenaren argi hau, geroko bizitzaren esperantza hau, Lizardiren ia poema gehienetan agertzen zaigu, hara nola erotu zaion adiskide bati eskainitako «Agur!» izenekoan ere.
Garbi dago Lizardiren heriotzarekiko ikuspegia kristau batena dela: ez da, bere ustetan, guztia heriotzarekin amaitzen, bada heriotzaren ondoren Jaungoikoaren argitan bizi daitekeen bizitza itxaropentsua ere.
Lizardi orain arte euskal izadiaren maitale eta kristau bezala agertu badugu, orain abertzale bezala azaldu behar. Euskal lurra maite du Lizardik eta itxaropena du poetak herri honen etorkizunari buruz. Lizardi euskalduna da, Lizardi aberri maitalea da.
Gerra aurrea da. Euskal kulturak, euskarak, euskal politikak indar haundia hartuko dute gerra aurreko urteetan. Kulturgintzan, esate baterako, inoiz baino idazle, margolari, kazetari eta kulturgizon gehiago ikusiko dugu. Aldizkariak, antzerki taldeak, olerki sariketak ageri dira nonahi: Euskal Pizkundea da. Euskaldunak bere buruaren jabe izan nahi du eta helburu horretan guztiz bat dator Lizardi ere:
Egizute nerekin
aberri-bidea.
Bildu dezagun nun nai
asaben lorea.
Ta gaurdanik goritu
gure sukaldea.
Ni nor naizen? Asmatu!.
Euskal Pizkundea!.
Eta, noski, Lizardik bihotzaren erdian daraman abertzaletasun horrek indar guztiz maite du herri honen hizkuntza, euskara. Baina gure poetak garbi ikusten du hizkuntza bazterturik eduki dugula eta apain, dotore, jakinduriaz jantzi nahi luke Lizardik gure hizkuntza zahar hori; basotik atera eta mundu guztira zabaldu, Detxeparek «Heuskara, ialgi hadi kanpora» esan zuenean bezalatsu. ia larehun urte bi poeta haundiren artean, baina asmo berdina, helburu bat, desio berbera dute bi poeta haundiek. Honela dio Lizardik:
Baiña nik, izkuntza larrekoa,
nai aunat ere noranaikoa:
yakite-egoek igoa;
soña zaar, berri gogoa;
azal orizta, muin betirakoa.
Lizardik euskara nahiko makaldurik («izkuntza 1arrekoa») ikusten badu ere, basokoa, menditakoa, alegia, hizkuntza noranahira iristeko modukoa bihurtu nahi luke; jakintzaz jantzia («Yakite-egoek igoa»), betiko hizkuntza tradizionala gordez («soiña zaar») baina asmo berriez hornitua («berri gogoa»).
Hona hemen, beraz, «Biotz begietan» liburuan agertzen zaigun Lizardi izadi-zale, kristau, abertzale eta euskaltzalea.
Umezurtz-olerkiak
Liburu hau Lizardi hil eta urtebetera, 1934 urtean, argitaratu zuen haren adiskide Jose Ariztimuño «Aitzol»ek. Poema bildumaren izenburua Aitzolek asmatua da eta ez du, berez, ezer ikustekorik liburuaren mamiarekin. Aitzol berak esaten digunez, Lizardi hil eta liburu honetan argitara eman zituen olerkiak umezurtz geratuak ziren, aitarik -Lizardi- gabe. Liburu honetan bildutako olerkiak, beraz, umezurtz laga ditu Lizardiren heriotzak.
Liburuan agertzen diren poema guztiak Lizardik burutuak eta idatziak dira, noski; baina liburuaren tajukera ez zuen poetak erabaki eta asmatu. Aitzolek moldatu zuen liburua han-hemenka aurkitutako poema solteekin. Baina Aitzolek ez ditu argitaratu gabeko poema osotuak bakarrik eskaintzen; eskaintzen dizkigu amaitu gabeko poemak eta poema posible batzuren eskemak ere. Horregatik, liburu honek badu garrantzia Lizardiren lan egiteko modua, zehaztasuna eta, poemen buruketa ikus ahal izateko garaian. Hala ere, liburu honek ez du «Biotz begietan» bildumak duen indarra, ezta osotasuna ere.
«Biotz begietan» liburuan agertzen diren gaiak, ordea, presente daude honako honetan ere: izadiarenganako maitasuna (han ez bezala hondartza etengabe agertzen zaigularik), heriotza eta honen ondorengoari buruzko itxaropena, abertzaletasuna eta euskarari maila egoki bat eman nahiaren antsia.
Bada, dena den, «Biotz begietan» liburuan oso noiz behinka azaltzen den eta hemen, berriz, etengabe agertzen zaigun gaia: maitasunarena.
«Maitearen apurñoak» izeneko poeman garapen luzea eduki behar zuen olerki baten eskema zehatz bat eskaintzen zaigu. Badirudi eskema horrekin garapen luze bat emanez liburu oso bat moldatu nahi izan zuela Lizardik.
«Maitale berriak» izeneko poeman, berriz, bi maitaleen arteko elkarrizketa baten bidez, maitasunaren helburua zein litzatekeen agertzen digu Lizardik: «Elkar zoriona», elkarrekin biziz osatu behar den eta elkarrekin osatuz bizi behar den zoriona, hain zuzen:
«Elkar-zorion» ori etzan soindun ume,
lur kiskali lurruna bezain mamitzeke.
Zorionago zer nai anartea baiño?
Iraun aal-ba'lezaie biziak arteiño!
Itz-lauz
Han-hemenka aldizkarietan argitaratutako prosazko artikuluen bilduma da «ltz-lauz».
Badakigu Lizardi olerkari oso ona genuela. Eta zer moduzko prosagile ote genuen? Olerkari aberatsa izateak ez bait dakar, derrigorrez, prosalari on izatea.
Hara hemen, hauzi honi buruz, Lizardiren adiskide izan zen Antonio Maria Labaien tolosar idazlearen iritzia:
«Guztiok olerkari aunditzat aitortzen ba'dugu, prosagille bezela ez zala makalagoa esango nuke».
Baina zein gai aztertzen eta jorratzen ditu bereziki artikuluotan Lizardik?
Hiru gai aipatuko genituzke:
eguneroko gertaerak.
euskararen arazoak.
olerki lanak.
Ager dezagun gai bakoitza, oso labur bada ere.
Eguneroko gertaerei buruz, bi artikulu gozo, humoretsuak goraipatu beharrean gaude: «Etxe-barneko bizia» eta «Donapaleu'ra yoan-etorria». Etxeko bizitza, familia artekoa, adierazten digu lehendabizikoan: semeak inguruan ditu, jolasean, marmarrean, builaka... Lizardik seme bakoitzari buruzko iritzi samur, gozoak isurtzen dizkigu.
Bigarren artikuluan Donapaleura autoz egindako bidaia bat agertzen digu, humorea, ironia eta prosa zehatz baten tajukera neurtua agertuz.
Euskarak bereziki kezkatzen zuen gure Lizardi eta haren asmoa, haren helbururik maiteena, euskara «aundiki soiñekoz» jaztea zen. Gai honi artikulu zorrotz bat baino gehiago eskainia da, Lizardi. Eta gai honen inguruan, Lizardik sekulako itxaropena zuen egunkari bat euskaraz kaleratuz gero euskara aurrera ateratzearena. Heriotzak eraman ez balu, ezagutuko zukeen 1936 urtean euskara hutsean kaleratutako «Eguna», orain artean historia osoan izan dugun euskarazko egunkari bakarra.
Eta, azkenik, olerkigintzari buruzko artikuluak ditugu, garrantzitsuenak, agian, Lizardiren pentsamendu poetikoa ulertzeko. Jakina da Lizardiren bide poetikoa berrizaletzat joa izan zela, gure olerkariak hizkuntza poetikoa, neurriak eta imajinak guztiz modu berrian eskaini bait zizkigun. Baina tradizio-zaleen irainik eta protestarik jaso behar izan zuen hartutako berritze lan honegatik. Baina ez zuen, hala ere, Lizardik atzera egin. Eta garbi asko adieraziko digu euskarak bide guztiak behar dituela, ez bide berriak bakarrik, baita tradizionalak ere.
Antzerki-lanak
Hiru antzerki idatzi zituen Lizardik hasieran ere esan dugunez. Baina ez zen langintza hau izan garrantzitsuena Lizardiren bizitzan.
1932 urtean bi antzerki labur argitaratu zituen gure olerkariak Antonio Maria Labaien tolosarrak zuzentzen zuen «Antzerti» aldizkarian: «Laño ta izar» eta «Bi aizpak».
Baina gure poetaren antzerkirik bikainena hura hil eta hemeretzi urtetara argitaratu zen «Egan» aldizkarian, 1952 urtean. Antzerki honen izenburua, «Ezkondu ezin ziteken mutilla» da.
XVII mendeko Molière frantses antzerkigilearen zenbait alderdi gogorarazten dizkigun antzerki honetan, Lizardik ezkontzen uzten ez dioten Yon mutilaren ixtorioa kontatzen digu. Yonek biziki maite du Begoña neskatxa fina, baina honekin ezkonduko balitz nor egingo litzateke ama alarguntsaren kargu? Arazo hau konpontzeko trama korapilotsu bat asmatzen du Lizardik, azkenean ama, Yon eta Begoñaren arteko pakeak burutzen direlarik.
Esan behar da Lizardiren antzerki lanetako euskara olerki lanetako eta artikuluetakoa baino samurragoa, herrikoiagoa dela. Jakina, Lizardik errespetoa zion publikoari, eta irakurleari nahiko euskara zehatz, tajutua eskaintzen bazion ere, konturatzen zen gure gizona antzerki bateko hitzak entzun egiten direla eta, horregatik, euskarak ere herrikoiagoa behar duela izan. Gainera, kontutan hartzen badugu antzerkia elkarrizketa dela bereziki, elkarrizketek bizkortasun bat behar zuten, idatzi zituen antzerkiek argi asko agertzen digutenez.
Amaitzeko
Lizardi haundia bere garaiko gizona izan genuen. Garaiko joera literarioetan murgildua ikusiko dugu -Lauaxeta beste euskal poeta haundiaren adiskide mina genuen Lizardi-, eta, batez ere, euskara «aundiki soinekoz» jazteko irrikia biziaz ikusiko dugu.
Lizardiri ere ez bait zitzaion euskararik gabeko Euskal Herririk burutik pasatzen.
Gure poetak ederki asko adierazi zuen bezala:
Ordun eguzkiz yantzi zan
asaba zaaren baratza;
ordun, zuaitzak igaliz;
ordun baratza leeneratu zan
mugak berriro zabaliz.
Ta leen ikusi-gabeko
zuaitz berri bat zegoan
erdian, guzien buru...
Aren gerizak erri-baratzak
ezin-ílkor egin ditu.